Twitter idazmena hobetzeko: azterlan baten berri

Argitaratua: asteartea, 2018(e)ko otsailaren 27(e)an, 12:24(e)an
Twitter

"El uso de Twitter para mejorar la competencia de la expresión escrita en el aprendizaje de lenguas extranjeras" da 2011ko abenduan argitaratutako artikulu baten izenburua. UNEDeko Germán Ruipérez, María Dolores Castrillo eta Jose Carlos García Cabrero dira artikulugileak. 

Idazmena hobetzea izan zen proiektuaren helburu nagusia. Horretarako, eta erroreak ikasteko aukera gisa ulertuta, ikasleen ekoizpenak sustatu nahi izan zituzten, idazteko hasierako beldurra gaindituta. Hala, A1 eta A2 aleman-ikasleekin Twitter baliatzea pentsatu zuten, berdinen arteko zuzenketa-sistemaz eta elkarlaneko ikaskuntzaren ikuspegitik. Halaber, aipagarria da ebaluazio jarraitua gauzatzeko erabili zutela eta esperientzian parte-hartzea borondatezkoa izan zela. 

Honako arlo hauek daude landuta artikuluan: 

  • jardueraren diseinua 
  • proiektuaren garapena
    • hasierako inkesta
    • Twitterri buruzko prestakuntza
    • jardueren garapena
    • azken zeregina eta inkesta
  • ondorioak
Twitterren erabilerari buruzko ondorioak behin-behinekotzat jotzen dituzten arren, urrutiko sistemaren bidez garatutako atzerriko hizkuntzan idazmena lantzeko Twitter bezalako microblogginga baliabide egokia dela ondorioztatzen dute, besteak beste, testuak ekoizteko ikasleen motibazioa areagotu egiten delako, ikasle bakoitzaren idazmen-gaitasuna kualitatiboki hobetu daitekeelako eta atzerriko hizkuntzan komunikazioa areagotu egiten delako.