Tresna berriak eta berrituak sarean

Argitaratua: astelehena, 2020(e)ko otsailaren 3(e)an, 14:15(e)an
Internet

Egunotan euskararen inguruko tresna berriak eta berrituak ikusi ditugu Sarean. Txioen bitartez horien berri ematen badugu ere, bilduma txiki bat egiteari egoki iritzi diogu. Hona hemen:

  • Zientzia.eus. Berritu egin dute webgunea. Itxuraz gain, aukera berriak ere eskaintzen ditu eta eduki gehiago: artikuluak, audioak, bideoak eta argazkiak.
  • EIBZ (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa). Webgunearen itxura eta antolaketa berritu dituzte. Hiru multzo handitan daude edukiak antolatuta: Baliabideak, Prestakuntza eta Maileguak eta kontsultak 
  • Dudaken (Hezkuntzako Estilo Liburua). IKAS euskal pedagogia zentroak eginiko tresna, web atarian eta aplikazio bidez eskuragarria. Hau da xedea: euskaraz egin ohi diren hutsez ohartu eta horiek zuzentzeko baliabideak eskaintzea.  Erakundearen webgunean diotenez

    Iparraldeko argitaletxe gisa nolako hizkuntza erabiltzen duen erakusteaz gain, gomendioak egiten ditu [Dudaken-ek]. Gomendio horiek balio dute Ikasen kontu ari diren idazleentzat, itzultzaile eta zuzentzaileentzat, eta berdin euskara hobetu nahi duten euskaldun ororentzat, izan irakasle ala ikasle.

    Bost atal daude une honetan Dudaken-en: gramatika, hiztegia, ortotipografia, lexikoak eta ahoskera. Beste baliabide batzuetarako loturak ere badaude.

  • Seigarren hizkuntza gehitu diote Elhuyarren itzultzaile automatikoari. Izan ere, orain arte bost hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten zituen sistemak (euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galegoa) eta urtarriletik aurrera ingelesa ere badago aukeren artean.  Webgunea balia daiteke edo aplikazioa mugikorrera deskargatu.