Testu-ereduak C2 Mintzamena: Uraren eta elektrizitatearen arteko analogia

Argitaratua: asteazkena, 13 urtarrila 2016, 3:50
mintzamena c2

Ekintza komunikatiboa: Aditu gisa, komunikabideetan, gai espezifiko baten inguruko azalpenak ematea.

Uraren eta elektrizitatearen arteko analogia


 

Erreka bateko presako konportak itxita baldin badaude, ura pilatu egiten da; eta konporta irekitzen den unean eta, orduan bakarrik, ura, grabitatearen ondorioz, goitik behera erortzen da. Bi konporta irekitzen badira, ura bi bideetan behera eroriko dela jakina da. Baina ur-kantitate berdina joango al da bi bideetatik? Bi bideak berdinak badira bai, ezta? Baina bideetariko bat estuagoa bada, orduan zer gertatuko da? Ba, bide zabalenetik edo, errazenetik, ur gehiago joango dela, eta estuenetik eroriko den ur-kantitatea txikiagoa izango dela, ezta?

Erraza egiten zaigu hau ulertzea, eguneroko bizitzan esperimentatu eta ikusi egiten dugulako urarekin gertatzen dena. Baina, zer dela-eta ari zaigu gaur Kristina uraren inguruko kontu hauekin? Ohikoa izaten da ongi ulertzen dugun naturako adibide bat erabiltzea, ikusteko edo esperimentatzeko zaila den beste gauza bat ulertzeko. Hau da, analogia bat egitea.

Analogiarekin jarraituz, gatozen berriro ere presa eta uraren adibidera, eta egin ditzagun loturak zirkuitu elektriko batean gertatzen dena ulertzeko.

Presako altuera-diferentzia edo energia potentzialaren diferentzia sarean dagoen voltajearekin alderatu daiteke; era berean, etengailu bati eragiten diogunean, konporta bat irekitzen denean gertatzen den antzeko zerbait suertatzen da. Presaren kasuan, ura erortzen da, eta, zirkuitu elektrikoaren kasuan, korronte-intentsitatea sortzen da. Zirkuituan zehar pasako den intentsitatea zirkuituan dagoen erresistentziaren araberakoa da, presatik eroriko den ura bidearen zabaltasunaren araberakoa den bezalaxe. Erresistentzia handia duen gailu bat konektatzen badugu sarera, sortuko den intentsitatea txikia izango da, beraz.

Ura eta elektrizitatearen arteko analogia hau ez da guztiz zehatza, baina oinarrian gertatzen dena ulertzeko balio du, ezta? Voltajea, intentsitatea eta erresistentziaren arteko erlazioa OHMen legeak deskribatzen du.

Zuza, Kristina

Euskadi Irratia: Ekosfera irratsaioa (2015-01-25)