Testu-ereduak C2 Mintzamena: Oxitozina eta garuna

Argitaratua: astelehena, 13 otsaila 2017, 2:01
mintzamena c2

Ekintza komunikatiboa: Kimikan aditu den kazetari batek, irratian, hormona baten inguruko azalpen teknikoa ematea.

Oxitozina eta garuna

 

 

Kazetaria: Haurdun egon bazara, ezagutuko duzu, ziur. Oxitozina izena du, eta hormona bat da, oso-oso ezaguna erditzeko prozesuan uzkurdurak eragiten dituelako. Txantxa onartzen badidazue, molekula probokatzailea da, zalantzarik gabe, baina, txantxetatik haratago, bitxia da oxitozinak duen irudi publikoa. Eta serio esaten dut hau: oxitozinak parte hartzen du sexu-portaeran eta amatasun- eta aitatasun-sentimenduetan.

 

Askotan esaten da — eta egia da —, bada, kimika hutsa garela. Bada, hau da adibide bat: ama eta aita izatearen sentimendua, umeak babestu nahi izatea, edo, nolabait, umea maitatzea, edo sentimendu hori-edo, horretan guztian oxitozina ospetsuak parte hartzen du. Sexua, amatasuna, aitatasuna… eragiten duen guztiarengatik maitasunaren molekula deitu izan zaio; “besarkadaren molekula” izena ere irakurri izan dut.  

 

Kimikoki molekula handia eta konplexua da. Peptido bat da. Nire kimika organikoko irakaslea izandako batek esango lukeen bezala, bada, molekula handi eta iletsua da. Ez du inolako itxura, komatxoen artean, maitagarririk. Ez. Handia eta iletsua.

 

Asko dakigu oxitozinari buruz, eta, hala ere, asko falta zaigu jakiteko. Oxitozinaren ikerketa ez dago bukatuta, inondik inora. Ez dakit ba ote dagoen ikerketarik bukatuta, baina oxitozinarena ez dago bukatuta. Ezaugarri berriak aurkitzen ari gara, ia etengabe. New Yorkeko unibertsitatean, esate baterako, aurkitu dute oxitozinak aldaketak eragiten dituela garunean: neuronen funtzionamenduan. Eta aldaketa horiek indartzen dute amatasun edo aitatasun sentimendu hori, hortik dator.

 

New Yorkeko zientzialariek saguekin egin dute lan. Haien garunaren jarduera aztertu dute kumeen deiak entzuten dituztenean, eta konparatu dituzte jarduera horiek tratatu gabeko saguetan eta oxitozina injektatu zaien saguetan. Haietan, lehenengoetan, jarduera txiki bat zuten garunean, seinale txiki eta tartekatu bat; eta hauetan, bigarrenetan, oxitozina gehituta zeukatenetan, seinalearen patroia ordenatuagoa zen. Nola gertatzen den hau? Bada, oraindik ikertu beharra dago, ez dakigu, baina emaitzak ate batzuk ireki ditu garuneko arazo batzuen tratamendurako. Kontu zaila da, konplexua, oso-oso konplexua. Autismoarekin lotutako kasuetan erabili izan da oxitozina, adibidez — ez ahaztu portaera aldarazten duen molekula bat dela —, baina autismoarekin emaitzak nahasiak izan dira. Ez dago garbi zer arrakasta izan duten.

 

Ulertu behar da nolako eragina duen oxitozinak neuronetan. Neurotransmisore bezala jokatzen du; alegia, seinale elektrikoa neuronatik neuronara eramaten duen molekulatako bat da, hori badakigu, baina nola, zergatik, noiz bai eta noiz ez, zer intentsitaterekin… mila galdera daude. Nik egin ditudanak eta nik egin ez ditudanak ere bai. Eta denak, erantzun gabe.

 

Adituek diote oxitozinaren irudi publikoa aldatzen ari dela. Nik ez dakit egia den. Argi dagoena da, adituentzat bai, adituentzat duen irudia, bai, aldatzen ari da.

 

Roa, Gillermo

Euskadi Irratia: Norteko Ferrokarrilla irratsaioa (2015-07-02)