Testu-ereduak C2 Mintzamena: Ezjakintasun sanoa

Argitaratua: ostirala, 30 iraila 2016, 10:10
mintzamena c2

Ekintza komunikatiboa: Herri-filosofo batek, ezjakintasunaren inguruan hausnarrarazteko helburuarekin, komunikabideetan bere iritzi kritikoa agertzea.

Ezjakintasun sanoa

 

Kazetaria: Iñaki Segurola, arratsalde on.

Iñaki Segurola: Bai zuri ere.

Kazetaria: Aurrekoan, ezjakintasunean geratu ginen. Edo, ezjakintasuna aitortzeak ematen dizkigun zailtasunetan…

Iñaki Segurola: Hortxe uste dut segitzen dugula kateatuta, e. Bai, aspaldian horrekin gabiltza, e. Ismo-ekin hasi ginen eta eszeptizismoa-eta agnostizismoa-eta horiekin kateatu ginen pixka bat, eta gero, bada, hori e, esan duzun bezala, ezjakintasunarekin bukatu genuen atzo hamabost. Ezjakintasunarekin, ez baitu esan nahi ezjakintasunean bukatu genuenik, hori guretzako gauza zaila baita, oso bide luzea geratzen baitzaigu aurretik, deslan handia egiteko, ezjakintasun sano batera iristeko.

Zergatik daukagu horrelako interesa ezjakintasunean etzateko? Edo ezjakintasunean igeri egiteko? Ez gara honekin gehiegi luzatuko, ur handiegitan sartzea litzateke, baina esan dezagun, motzean, bat konturatu egiten dela lehentxeago edo geroxeago jakitea jakin-ustea dela, beti ez bada gehienean; eta ni konturatu naiz, gainera, jakitea eta irakitea oso bat direla, sortzez eta jaiotzez. Ekartzea eta erakartzea bezala, ikustea eta erakustea bezala, oso bat direla euskararen baitan berean, eta azken buruan jakitea irakite bat dela, ustez dakigun zera horren bestelakotze, lurruntze, agortze batean oinarritzen dela.

Eta bai, ari gara ur handiegitara sartzen, eta atera egingo gara. Jakitea jakin-ustea dela eta gure neurrira irakindako salda sustantziagabe bat dela gure jakintza guztia edo gehiena. Horrekin geldituko gara. Eta, orduan, bada, ezjakintasun sanoan genbiltzan eta gaude, eta, beno, nik daukadan arazoa da, bada, predikatzera etortzen naizela irrati honetara, irrati serio, formal eta nazional batera, eta, gainera, kulturaren arloko zera batera; eta, orduan, lan zaila jartzen zaidala niri ezjakintasuna famatze hau; zeren herri-giroan ederki ematen du horrek, eta nire hitzek izan dezaketen argi-apurra hortik dator, gainera. Nik ezjakin jakintsuak deitzen ditudanengatik jaso dut hemen eta nonahi bota dezakedan argi-apurra. Beno, esan dezadan “ezjakin jakintsu” esan-postura hori Orixeri ikasi niola; hark bere Uitziko amona Mariasuntxigatik esaten zuen ezjakin jakintsua, eta nik, e, dena den bezala esateko, neure aita zena izan ohi dut, aitte Antonino izan ohi dut — gaur laster dira bederatzi urte hemen bertan despeditu genuela —, hura izan ohi dut gogoan, bereziki, ezjakin jakintsu kontu hau ateratzen dudan bakoitzean.

Ezjakintasuna, ezjakintasun argi eta jakintsu eta noble hori nola txertatzen da kultur munduan? Gauza zaila dirudi, baina beti egon dira saioak bi mundu horiek uztartzeko, eta hemen gogora ekarriko ditut orain, bada, Diogenes Laerciok bere “Filosofoen bizitzetan” ateratzen dituen zera batzuk, filosofo edo intelektual moduko batzuk. Grezia Zaharreko filosofo izenekoen artean, edo, terminologia eguneratuz, esango genuke orduan filosofo deitzen zirenak direla gaur intelektual-edo esaten zaienak. Bada, beno, Diogenes Laerciok dio filosofoen edo intelektualen edo dena delakoen artean, batzuk zirela iritzidunak eta besteak iritzigabeak. Batzuentzat gauzak ulertzeko modukoak zirela eta hargatik zituztela iritziak gauzen gainean eta besteek ez zutela horrelakorik uste, eta, beraz, ez zutela egiten ez ebatzi, ez iritzi, eta ez erabaki, eta deitzen ziren suspentsiboak. Filosofo edo intelektual suspentsiboak, eta gaur iruditu zait haien oroimena, Pirron eta gainerakoen oroimena, hona ekarri beharra neukala.

Kazetaria: Baina, hala izendatzen zituzten? 

Iñaki Segurola: Bai.

Kazetaria: Suspentsiboak?  

Iñaki Segurola: Bai. Bereziki ezjakin sanoak izugarri bakantzen ari zaizkigun sasoi honetan, eta, mundu guztiak iritzi bat daukanean ia edozeren gainean, bada mundu guztia ia derrigortuta dagoelarik iritzi bat edukitzera, intelektual bat funtsean iritzigile edo iritzi-sortzaile bat delarik — hala deitzen zaie gainera; edo diegu, ezta? Iritzi-sortzaileak, iritzia edo ustea sortzea merezi duen zerbait balitz bezala —. Eta guk badakigu, ama-euskarari esker, bada, ustea ez dela gauza ona. Zergatik? Usteak erdia ustela daukalako, eta beste erdia auskalo.

 Iñaki Segurolaren gogoeta

Euskadi Irratia: Arratsean irratsaioa (2016-03-16)