Testu-ereduak C2 Irakurmena: Salvoj Zizek-en sudurra

Argitaratua: asteazkena, 13 uztaila 2016, 1:08
irakurmena c2

Ekintza komunikatiboa: Literatur testuak ulertzea, bertan erabilitako bitarteko estilistikoak (hitz-jokoak, metaforak, konnotazioak...) atzemanez.

Salvoj Zizek-en sudurra


Slavoj Zizek-ek sudurra ukitu eta dio:

Komun-zuloak kulturaren arabera aldatzen dira.

Hau da: Frantziako, Ingalaterrako edo

Alemaniakoak ezberdinak dira,

haien kulturak ere ezberdinak direlako

(ez kaka, ordea).

Salvoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:

Multikulturalismoak kulturaren amaiera dakar.

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:

Maitasuna petrala eta bortitza da.

Ez dago maitasun unibertsalik.

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:

Vladimir Ilich Lenin,

hogeigarren mende bukaerako intelektualek

betiko lurperatu zutena,

inoizko ostikorik gogorrenak jotzen ari da hilobitik.

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:

Familia toxikoa da.

Eta gaineratu du:

Ia dena da toxikoa gaur egun.

Kapitalismoa, batez ere.

Bestea, batez ere.

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:

Jakina, bestea neu naiz.

Neu ere toxikoa naiz, beraz.

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:

Jesukristo munstro bat da.

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:

Ateoak baizik ezin du Jainkoagan sinetsi.

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:

Ez dugu Estatua birrindu behar,

gureganatu, konkistatu baizik.

Derrigorrezkoa dugu, ezinbestekoa;

sexua bezain ezinbestekoa.

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:

Balizkoa besterik ez da erreala.

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:

Zuzentasun politikoa delakoak

debekaturiko guztia dio.

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta

hitz egiten du,

eta sudurra berriz ukitzen du,

behin, bi aldiz, hiru aldiz, lau aldiz, etengabe.

Eta berriz hitz egiten du.

Edo (hobeto esanda) berriz kantatzen du,

hamaika aldiz ukitzen duen

bizar urdinduak ezkutaturiko ahoari dariona

musika baita hainbat lagunentzat.

Esaterako, mendetan terroristak deituak izan direnentzat.

Probintziano, arlote, Historiaren hondakin izendaturiko

hamaika herri apaldutako abertzaleentzat.

Edo betidanik bortizkeriaren monopolioa dutenek

bortiztzat jo eta tai gabe eta bortizki

zigortuentzat eta jipoituentzat.

Slavoj Zizekek sudurra behin eta berriz ukitu eta

kapitalismoaren krimenen zerrenda baino luzeagoa den

koka lerro bat sudurreratu duela pentsa lezake norbaitek.

Ideia batzuk toxikoak diren bezala,

beste batzuk narkotikoak dira.

Esaterako, Slavoj Zizekek sudurra ukitu ondoren

aipaturiko hainbat. Aspaldian hiltzat emanak gehienak

eta Esloveniako hartz gorriak berpiztuak,

Michael Jacksonen bideo batean bezala

zonbiak hasi dira hilobitik irteten.

Dantzan jarri dituen doinua

ez dator Neverlandetik, Balkanetatik baizik.

 

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:

Porca Miseria!

 

Montoia, Xabier

Erlea aldizkaria, 2. alea (25. or)

(moldatua)