Testu-ereduak C2 Entzumena: Errusia

Argitaratua: asteazkena, 13 urtarrila 2016, 3:50
entzumena c2

Ekintza komunikatiboa: Aditu batek, komunikabideetan, bitarteko estilistikoak erabiliz (hitz-jokoak, metaforak…) egiten duen gogoeta ulertzea.

Errusia


 

Bada eguerdietan telebistan agertzen den sukaldari bat, ilargia bezala hustu eta bete, bete eta hustu, ilgora eta behera dabilena. Eguerdiko izarra, telebistan; bi besoak jasota, viva la Rusia esan ohi duena.

Europa eta Asiaren artean dago Errusia, bi kontinenteen arteko bisagra zaharra da, eta bisagrak erabakitzen du atea itxi ala ireki, sartuko zaren ala irtengo zaren; herrialde transkontinentala da, beraz, Europan hasi eta Asian amaitzen dena, edo Asian hasi eta Europan amaitzen dena. Bederatzi ordutegi desberdin daude bertan, denboraren bederatzi erdigune eta ordugune; munduko lurralderik handiena da Errusia metro karratutan, lurrazalaren ehunetik bederatzi da berea; Ukraina bereganatzen badu, zertxobait gehiago. Bisagra zahar handi horren arandela bihurtu da Ukraina, arantzelak ordaindu beharko dizkion arandela. Puntu gorria eta goria Ukrainan badago ere, Errusiaren mugetan arandela gehiago ere badira; Europa eta Asiako 16 herrialde ditu inguruan: Ukraina, Noruega, Finlandia, Estonia,
Letonia, Bielorusia, Lituania, Polonia, Georgia, Azerbaian, Kazajistan, Txina, Mongolia eta Ipar Korea. Japon eta Alaskako itsasoek ere bustitzen dute Errusia. Artiko, Pazifiko, Baltiko, Itsaso Beltzak eta Kaspio Itsasoak ere zipriztintzen dute Errusiaren ertz zaharra.

A ze potajea! Hainbeste itsaso eta lur inguruan. Hainbestek begiratzen diote Errusiari, eta hainbesteri begiratzen die Errusiak. Tentsioa gora, armak eskuan besoak gora, batzuek viva la Rusia, eta, beste batzuek, cauen la Rusia .

Sukia, Xabier
Euskadi Irratia: Hitzen abizenak irratsaioa (2014-04-30)