Testu-ereduak C1 Entzumena: Nobela beltza

Argitaratua: osteguna, 19 maiatza 2016, 1:09
entzumena c1

Ekintza komunikatiboa: Komunikabideetako elkarrizketa batean, autore baten eta haren literatur lanaren inguruan itzultzaile batek ematen dituen azalpenak ulertzea.

Nobela beltza

Esataria: Nobela beltza gustuko izango duzuen, bai edo ez, hori, egia esan, ez dakit; baina, gustatu edo ez, Henning Mankell-en ezagutza izango duzue, ia ziur. Bada, Lander inspektorearen sortzailea Eskandinavian nobela beltzari 90. hamarkadan sekulako bultzada eman dion idazlea izan baita.

Eta Greziako tragedia klasikoa erabiltzen zuela inspirazio-iturri bezala Medea-n aipatzen zuen, hain zuzen ere, nobela beltzaren zergatiaz galdetzen zitzaionean Mankelli. Bada, gaur hil da, 67 urterekin, heriotzari luzaro aurre egin ondoren. Euskaraz Mankellen bost titulu, egon, badaude, Erein-ek argitaratuta, eta Juan Mari Mendizabalek itzulitakoak dira, guztiak ere. Juan Mari Mendizabal, arratsalde on deizula.

Juan Mari Mendizabal: Baita zeuri ere.

Esataria: Bi hitzetan: nor hil dela esango zeniguke?

Juan Mari Mendizabal: Bada, idazle on bat eta bihotz handiko pertsona bat hil dela esango nuke nik.

Esataria: Zu zerk bultzatu zintuen bere lanen itzulpenak egitera, Juan Mari? 

Juan Mari Mendizabal: Bada, Erein argitaletxearen aginduz itzuli ditut Mankellen liburuak. Lehendabizi, Joel Gustavson-en tetralogia, gazte-literatura dena; eta zerbait gehiago ere, helduentzat ere ez da batere txarra. Eta, gero, Wallander inspektorearen sailaren lehen alea: “Aurpegirik gabeko hiltzaileak”. Baina… itzultzaileok gutxitan izaten dugu gure proiektuak gauzatu ahal izateko aukera, egia esan.

Esataria: Baina nobela beltzak barruan sartu zaitu? Gustukoa duzu zuk zeuk?

Juan Mari Mendizabal: Bai, bai, nobela beltza aspaldi irakurritakoa naiz ni: klasiko iparramerikarrak-eta. Bai, zalea naiz.

Esataria: Izan al duzu, aurrez aurre, idazlea bera ezagutzeko aukerarik?

Juan Mari Mendizabal: Bada, bai. Duela urte batzuk, “Donostia Kultura”-k ekarri zuen hitzaldi bat ematera, Donostiara, eta bertan izan nintzen. Orduan, beno, bada, hitzaldia bukatu eta lau hitz trukatu genituen eta… baina hitzaldi polita izan zen, bai.

Esataria: Esadazu: hura eta gero, itzultzeko modua beste bat izan da?

Juan Mari Mendizabal: Ez, ez dut uste; horrenbeste ez dut uste esan daitekeenik. Ordurako, gainera, uste dut denak itzulita neuzkala.

Esataria: Beno, “Hare mugikorra” liburuan mundu honetatik eraman duen minbiziari aurre eginez bere memoria idatzi zuen Mankellek. Ez dakit, erraza ote da halako itzulpen bat egitea profesionalarentzat ere. Alegia, horren barruko gauzak direnean, eta abar, ez dakit horrek beste zerbait eskatzen ote duen itzultzailearentzat…  

Juan Mari Mendizabal: Beno, ez dakit, bada. Itzultzaileok edozein gauza itzultzera ohituta gaude-edo.Eta, beno, badakigu aizu, literatura zer da, bada:bizitza dago hor atzean, eta, bizitzaren gorabeheren jabe bagara, haien berri badakigu, eta, gutxi gorabehera, saiatzen gara ahal duguna egiten. 

Esataria: Henning Mankellek zer zuen literatura, bere gauzak kontatzeko tresna?

Juan Mari Mendizabal: Bai, bai, nik uste dut zalantzarik gabe horrela zela, baina literatura zentzu zabalean hartuta. Horren barruan, esaterako, antzerkia ere sartuta; izan ere, antzerkigilea ere bazen. Eta Mozanbikeko Antzerki Nazionalaren zuzendaria eta… beno, urte erdia bertan ematen zuen, eta abar. Eta hogeita hamar bat antzezlan idatzia da.

Esataria: Greziako tragedia klasikoa omen zuen inspirazio-iturri.

Juan Mari Mendizabal: Beno, antzerkian, antzerkigintzan, hori da iturria; denontzat, nik uste dut.

Esataria: Zergatik aukeratu zuen nobela beltza? Zergatik iruditzen zaizu?

Juan Mari Mendizabal: Beno, nik ez dut uste Henning Mankell oso konformista zenik, etaorduan, bada, nobela beltzak gizartearen miseriak txertatzen ditu kontakizunean, eta gizartearen kritika egiten du. Eta nik uste dut Henning Mankell oso kritikoa zela gizartearekiko.

Esataria: Eskandinaviako gizarte beltzarekiko, hain zuzen?

Juan Mari Mendizabal: Gizarte beltzarekiko?

Esataria: Bai, beti esaten da Eskandinaviako gizarteak, kanpotik zuria baina, barruan badaukala zerbait beltza, baita ere.

Juan Mari Mendizabal: Beno, toki guztietan bezala. Beharbada, gu baino iaioagoak dira horiek erakusten. Hori beste kontu bat da.

Esataria: Wallander inspektorearen kontakizunekin 40 milioi ale saldu zituen; 40 hizkuntzatara ere itzuli dira. Arrakasta handi horren ondorioa zein izango ote den, zer iruditzen zaizu zuri?

Juan Mari Mendizabal: Ondorioa? Beno, ondorioa izango da… arrakastaren ondorioa izaten da diru asko irabaztea. Ez dakit zein beste ondorioz ari zaren…

Esataria: Suediarrak ba omen zeukan, esku artean, beste libururen bat. Hori ere itzultzeko prest egongo zara?

Juan Mari Mendizabal: Bada, hasiera batean, ez. Ni danieratik itzultzen nago espezializatua. Nik ezagutzen dut daniera eta daniar kultura, eta suedieratik itzultzen ez naiz horren eroso sentitzen. Alde batetik hizkuntza, eta gero, noski, testuingurua… Ni Suedian izan naiz behin, ordu batzuetan, eta besterik ez; orduan, hor pixka bat herren nabil. Orduan, bada, esaten dizudana: hasiera batean, ez. Gainera, laster erretiroa hartzekoa naiz. Eta, orduan, bada, benetan egin nahi ditudan gauzak itzuliko ditut, ahal badut behintzat.

Esataria: Izan dadila horrela,baina Henning Mankell hil izanak pena pixka bat emango zizun…

Juan Mari Mendizabal: Bai, bai. Hasieran esan dizudan bezala, oso bihotz handiko gizona zen, oso estimagarria eta oso pertsona ona. Bada, bai, pena eman dit, bai, dudarik gabe.

Esataria: Irakurri ez duenari Wallander inspektorearen istorioak irakurtzeko esango al diogu? Edo beste zerbait daukazu aholkatzeko?

Juan Mari Mendizabal: Mankellen lanen artean? Wallanderrenak dira ezagunenak; eta hor pixka bat borobildu egin zuen bere estiloa, estilo berezi hori. Mankellek dauka paragrafoaren erabilera oso berezia, oso trebea; paragrafoaz baliatzen da, bada, testua irakurterrazagoa egiteko, erritmoa arintzeko, suspentsea sortzeko… horrelakoak.

Esataria: Beno, bada, Juan Mari Mendizabal, eskerrik asko, zuk idazlearengana hurbiltzeko aukera eman diguzulako. Segi ondo, eskerrik asko.

Juan Mari Mendizabal: Eskerrak zuei.   

Juan Mari Mendizabali elkarrizketa.

Euskadi Irratia: Mezularia irratsaioa (2015-10-05)