Testu-ereduak C1 Entzumena: Lan-kontratazioak Euskal Herrian

Argitaratua: astelehena, 16 maiatza 2016, 11:45
entzumena c1

Ekintza komunikatiboa: Garapen sozioekonomikorako behatoki batek, informatzeko asmoz, ekonomiaren inguruan emandako datu orokorrak ulertzea.

Lan-kontratazioak Euskal Herrian

Lan-kontratazioak Euskal Herrian

Ekonomiaren osasuna neurtzen duten adierazleen artean, kontratazioek dute inpaktu zuzenena herritarrengan, kontratazioen gorakadak enplegua dakarrelako. Kontratazioek zuzen-zuzenean jasan dituzte krisiaren ondorioak. Soldatapeko landunen kopuruak, bataz beste, %8,7 egin du behera Euskal Herrian 2007tik 2014ra.

Landunen bilakaera oso bestelakoa izan da Ipar eta Hego Euskal Herrian: krisiak krisi, Lapurdin eta, batez ere, Nafarroa Beherean, soldatapeko landunen kopuruak gora egiten jarraitu du; Zuberoan, %1 baino ez da jaitsi enplegua. Hego Euskal Herrian, berriz, enpleguaren galera garrantzitsua gertatu da: ia %10 jaitsi da landunen kopurua, 7 urteren buruan. Gainbehera horren zama, batik bat, gizonek eraman dute. Euskal Herriko gizon landunen kopurua %15 jaitsi da krisialdian, eta, emakumeena berriz, puntu bakarra. Besteak beste, industriaren gainbeheratik dator gizonezkoen jaitsiera nabarmen hori. Krisialdian, beraz, parekatzen joan da gizon eta emakume landunen kopurua; gaur egun, inoiz baino gertuago daude gizon eta emakume landunen kopuru horiek. Enplegua dutenen artean, %53,1 dira gizonak eta %46,9 emakumeak.   

Euskal Herriko soldatapeko langileen %21,1 aldi baterako kontratuarekin ari da, eta zifrak goranzko joera du. Hego Euskal Herrian sinatzen den hamar kontratutik bat baino gutxiago da mugagabea. Krisialdiak bidea erraztu dio enplegu ezegonkor eta behin-behinekoari. Lanaldi partzialen bitartez ere islatzen da ezegonkortasun ekonomiko hori. Gaur egungo landunen %17,5ak du lanaldi partziala; gehienak, emakumeak. Sinatzen diren bost kontratuetatik lau dira eurenak.

Europar Batasuneko antzeko zifretan mugitzen da Euskal Herria. Ezberdintasuna lanaldi partzialari laguntzen dioten gizarte-politiketan dago. Beste herrialdeetan, lanaldi hau hartzen duenari diru-laguntza eta bestelako hobarien bitartez laguntzen zaio, bere autonomia ekonomikoa bermatzeko. Euskal Herrian, ez.

Enplegu mugagabeak hobeto eutsi dio krisialdiari: %0,7 jaitsi dira 2007 eta 2014 bitartean. Aldi baterako kontratuak, aldiz, %30. Izan ere, kontratu-mota honek malgutasun handiagoa ematen du, bai kontratua abian jartzeko, bai eta eteteko ere.

Krisi-garaian zerbitzuen arloak indarra hartu du industriaren kaltetan. 2007an, kontratazioen %11 bigarren sektoretik etorri zen; 2013an, %2 baxuagoa da zifra hori.  Zerbitzuen proportzioak, aldiz, %5 egin du gora epealdi berean. Industrian, ia 200.000 kontratu egin ziren 2014an; 2013an halako bi baino gehiago. Gehienak Nafarroa garaian egin ziren, baina ezin ahaztu ia laurden bat igo dela hemen aldi baterako kontratazioa. Kontratazio mugagabe gehien galdu duen herrialdea ere bada.

Euskal Herrian gazteek erruz pairatu dute krisiaren inpaktua. Kontratazioa oso murritza da adin-tarte horietan; batez ere, 15 eta 24 urte artekoen artean. Aldi baterako kontratazioak ere, bereziki, eurengan du inpaktua. Geurean zein Europan, derrigorrez bilatu behar dira zifra horiek goitik behera aldatzeko estrategiak. Hego Euskal Herrian eskumena duten instituzioek lan-merkatua malgutzeko tresnak jarri dituzte martxan, baina, malgutasunarekin batera, landunak prekarietatera kondenatuak ez daudela bermatzeko politika aktiboak ere behar dira, Europako beste herrialdeetan egin duten bezala. Era berean, ezinbestekoa da industria berpiztea eta sektorearen indarra handitzea, honek ekarriko baitu enplegu duina eta kalitatezkoa.    

Hirumugarrietako Gaindegia

Youtube (2014-10-27)

                                                                  https://www.youtube.com/watch?v=7aJkTwn7_Ww