Testu-ereduak C1 Entzumena: Konfiantzaren pedagogia

Argitaratua: osteguna, 29 iraila 2016, 1:33
entzumena c1

Ekintza komunikatiboa: Ikastola bateko zuzendariak, komunikabideetan, hezkuntza-proiektu berri baten inguruan, ematen dituen azalpenak ulertzea.

Konfiantzaren pedagogia

 

Konfiantzaren pedagogia

Esataria: Sarri entzuten dugun esaldia da eskolak ez duela balio. Neska-mutilek parabolak eta informatika bai, baina, egunerokoan, ez direla gauza erosketak beren kasa egiteko, adibidez; edo igerilekuko txartela ateratzeko. Hori entzun izan dugu, Oihane Egurtza.

Oihane Egurtza: Bai, gehiegizkoa, neurriz kanpokoa izan daiteke esaldia, baina bada irudipen orokor samartua eskola-eredu tradizional horrek ez diela behar bezala erantzuten egungo beharrei. Hezkuntza-komunitatean eta aditu askoren artean, diagnostiko hori zabalduta dagoela esango genuke, oro har hutsarte edo gabezia hori sumatzen dela; eta ari dira, batean eta bestean, pixkanaka, proiektu berritzaileak sortzen. Eta horietako bat ezagutu behar dugu gaur: Konfiantzaren pedagogia deitu diotena. Duela zazpi bat urte, Arizmendi ikastolan, Leintz bailaran, proiektu berri bati ekin zioten, eta, hainbat iturritatik edanda, denborarekin, halaxe bataiatu dute: Konfiantzaren pedagogia. Arizmendikoak sortzaile eta sustatzaile, beraz. Gaur egun, bederatzi ikastola badira, Manu, pedagogia honekin lanean ari direnak.   

Esataria: Amaia Antero etorri zaigu, Arizmendi ikastolako Berrikuntza Pedagogikoko zuzendaria. Amaia, ongi etorri.

Amaia Antero: Berdin, eta mila esker.

Esataria: Zer da konfiantzaren pedagogia, Amaia, nola esplikatu?

Amaia Antero: Bada, bi hitzetan esateko,guk, Arizmendi ikastolatik, honela azaltzen dugukonfiantzaren pedagogia, ezta? Konfiantzaren pedagogia dela pertsonari bere hezkuntza-ibilbidean laguntzea, bere buruarengan, besteengan eta bere inguruan konfiantza izan dezan, bere gaitasunak ahalik eta ondoen garatzeko eta zoriontsu izateko, azken batean.

Esataria: Zuek esaten duzue gaur egungo hezkuntza-sistema aldatu ez, irauli egin behar dela.

Amaia Antero: Hori da. Bai, aldatu eta irauliren artean egiten dugun ezberdintasuna da — aldaketak egiten ari gara uste dut bat baino gehiago, ezta, aspalditxotik — … baina hezkuntzak behar duena aldaketa baino eraldaketa dela, ez, eta aldaketa hori sistemikoa izan behar dela, aspektu bati baino gehiagori heldu behar diogula benetan aldatu ahal izateko goitik behera. Eta irauli diogunean, hori esaten dugu, ezta? Zein izan behar den irakaslearen rola, zein ikaslearena, materialak zein funtzio eduki behar duen, espazioak, denborak, ebaluazioak… beno, guzti hori dela, pixka bat, hankaz gora, edo, behintzat, galdera-ikur batekin jarri behar duguna, ezta?

Oihane Egurtza: Eta eraldaketa horretan edo hankaz gora jarri behar horretan, helburu bezala baduzue pertsona kooperatiboak bilatzea. Zertaz ari zarete zehatz? Zeri esaten diozue pertsona kooperatibo bat bilatu behar dugu?

Amaia Antero: Arizmendi ikastolan badugu amets bat, ez, edo proiektu bat: gure ikasleak, ikastolatik ateratzen direnean, badugu ikaslearen profil bat, zein ikasle mota nahiko genukeen garatzen lagundu, ezta? Eta hori da esaten duguna, pertsona euskaldun, kooperatiboak eta konpetenteak. Kooperatiboak diogunean, esan nahi duguna da autoeratzen dakien pertsona bat nahi dugula garatzen lagundu, erabakiak hartzen jakingo duena, bere buruaren jabe izango dena, eta, aldi berean, bestearekin elkarlanean aritzen jakingo duena, ez? Orduan, bi alderdi horiek dira guretzat garrantzitsuak ikuspegi kooperatibotik.

Oihane Egurtza: Eta hori lortzeko jartzen duzue pedagogia honen oinarrian “konfiantza”. Zergatik konfiantza hain gauza garrantzitsua?

Amaia Antero: E, guk uste dugu pedagogia asko daudela, eta askok dituztela gauza onak. Guk arreta edo begirada jartzen dugu konfiantzan, azpimarra jartzen dugu konfiantzan, ezta? Beno, bada, zientziek eta ikerketek birbaieztatzen digutelako ezinbestekoa dela pertsonak bere buruarengan eta besteengan — eta bere inguruan — konfiantza bat edukitzea, eta hori lortzen dugunean dagoela pertsona prest bere ikas-irakaskuntza prozesuan murgildu ahal izateko. Orduan, hortxe jartzen dugu guk indarra: nola lortu pertsona horrek konfiantza hori izan dezan bere baitan eta inguru guztiarengan, ezta?

Esataria: Jendeak hobeto ulertu dezan eta konparaketa bat eginez: Zein pisu izan du hezkuntza-eredu tradizionalean konfiantzak? 

Amaia Antero: Bai, bai. Nik uste dut hori izan dela nahiko… pertsonen baitan egon dela; hezkuntza tradizionalean izan dira konfiantza eman duten eta ematen duten hezitzaile eta irakasleak, dudarik gabe, ezta? Kontua da sistemak berak arreta horretan jartzen duen edo ez, eta pertsona jartzen den erdigunean edo ez. Hezkuntza tradizionalak, guk uste dugu, arreta, gehienbat, irakaskuntzan jarri duela eta irakasleengan jarri duela begirada, eta ez hainbeste ikaslearengan eta ikasleak behar duen konfiantza horretan, ezta? Orduan, nolabait, begirada hori guk mugitu  egin nahi dugu momentu honetan eta bideratu ikaslearengana, ezta?

Esataria: Horregatik begi  baten irudia…

Amaia Antero: Hori da, hori da. Konfiantzaren pedagogia azaltzeko, guk esaten duguna da oinarri-oinarrian dagoela pertsona begiratzeko modu bat, pertsona ulertzeko modu bat, ezta? Eta begirada horrek, nolabait, zipriztintzen duela gure pedagogia guztia eta gure esku-hartze guztia. Pertsona ikusten dugu guk beteta, beteta: gaitasunez beteta, zailtasunez beteta, ametsez beteta, eta oso desberdina da pertsona begiratzen dugunean pertsona hori beteta ikusten dugun edo hutsik ikusten dugun eta bete beharreko banku bat moduan ikusten dugun, ezta? Ezagutzaz bete behar dugu, jarrerez bete behar dugu, portaerez bete behar dugu… oso desberdina da ikustea pertsonak bere baitan baduela, bada, aurrera egiteko behar duen guztia, eta gu, hor, bidelagun moduan kokatzea, ezta?

Esataria: Amaia Antero, Arizmendi ikastolako Berrikuntza Pedagokikoko zuzendaria, eskerrik asko gurera etortzeagatik.

Amaia Antero: Mila esker, zuei.

Amaia Anterori elkarrizketa

Euskadi Irratia: Faktoria irratsaioa (2016-02-22)

(Transkripzioa)