Testu-ereduak C1 Entzumena: Itsas Aurreren manifestua

Argitaratua: asteartea, 12 uztaila 2016, 12:26
entzumena c1

Ekintza komunikatiboa: Gai ezagun bati buruz jendaurreko adierazpenak ulertzea; baita azentuaren edo intonazioaren bidez transmititzen diren ñabardurez jabetzea ere.

Itsas Aurreren manifestua

Igeldo udalerri izateko erabakia errespetatzeko babes-kanpaina bat jarri du abian Itsas Aurre elkarteak. Manifestu bat prestatu dute igeldotarren aldarrikapen eta eskubideak biltzen dituena. Gipuzkoako hainbat pertsona ezagunek eman diote babesa kanpainari, eta gaur irakurri dute jendaurrean manifestua. Adierazpenaren zati bat da honako hau:

 

Gure ustez, ordea, komunitate bati bere buruaren jabe izateko eskubidea aitortu behar zaion edo ez erabakitzeko irizpide egoki bakarra dago. Zein? Ez behintzat indarra, tradizioa edo horrelakoak. Benetako demokrazia batean irizpide egoki bakarra dago hori erabakitzeko; hau da, komunitate hori osatzen duten kideen borondatea. Igeldotarren kasuan, ez dago ukatzerik baldintza hori aise betetzen dela. Aurtengo azaroaren 10ean egin zen kontsultan igeldotarren % 72ak hartu zuen parte, eta % 61,2ak aldeko boza eman zuen; eta boza eman zuten Igeldo udalerri independente bihurtzearen alde, alegia. Eta bozketa ez zen inprobisazioaren emaitza izan; izan ere, Igeldoren desanexioaren aldeko prozesuari duela ia 20 urte – hau da, 1994an – ekin zioten. Igeldoko komunitatea osatzen duten biztanleei zor diegu, beraz, gure edo bere buruaren jabe izateko aukera. Gurea ez da inoren aurkako mugimendua, eta are gutxiago donostiarren kontrakoa. Aitzitik, Igeldok adiskidetasunezko harremana izan nahi du, bai Donostiarekin, eta bai Gipuzkoako gainerako udalerriekin ere. Adiskidetasuna, ordea, berdinen arteko harremana da, eta horixe da beraiek eskatzen dutena; hain zuzen ere, utz ditzatela beste 88 udalerrien adiskide, eta, haiekin batera, Gipuzkoa osatzeko auzolanean 89. partaidea izaten. Igeldoko herritarren gehiengoak hala eskatzen du, eta orain arteko ibilbideak argi eta garbi erakusten du leialtasunetik ari direla. Jada, egin dute euren esku zegoena. Orain, instituzioei eta erakundeei dagokie bide horretan hurrengo urratsa egitea. Eta horixe da, hain zuzen ere, eurengandik espero duguna, eta testu honen bidez ozenki eta irmo eskatzen dieguna.

 

Itsas Aurreren manifestua

Youtube (2013-12-12)