Testu-ereduak C1 Entzumena: Asiako liztorrak herrian

Argitaratua: astelehena, 13 otsaila 2017, 11:55
entzumena c1

Ekintza komunikatiboa: Administrazioko bi ordezkarik eta alkateak, lan-esparruko bilera batean, herriko arazo baten inguruan duten elkarrizketa ulertzea.

Asiako liztorrak herrian

Bilera-gelan daude alkatea eta Foru Aldundiaren bi ordezkariak, lehenak deituta. Alkatea herrian liztorrekin duten arazoaren berri ematen hasi zaie:

 

Alkatea: Egun on, bioi. Eskerrik asko etortzeagatik.

Foru Aldundiko Basanimalien eta Landareen zerbitzuburua: Egun on, bai.

Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria: Egun on.

Alkatea: Dakizuen bezala, liztor beltzen habia bat dago gure herrian. Herritarrak nahiko larrituta daude.

Foru Aldundiko Basanimalien eta Landareen zerbitzuburua: Horrelakoetan, normalean, udalarena izaten da habia suntsitzeko ardura. Hori bai, Foru Aldunditik laguntza eta aholkuak ematen ditugu.

Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria: Hala da, alkate andrea. Habiak suntsitzeko, bi era daude: aukera bat da haga luze batekin habiara intsektizida isurtzea; bestea, tiroz botatzea. Gehienetan, ehiztari-talde batek egiten du hori, baina udaltzainen burua bertan dagoela.   

Alkatea: Bai, baina Arraldeko liztor-habia ikastetxeko teilatuan dago! Han ezin da ezer bota: ez intsektizidarik, ez tirorik.

Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria: Larrialdi-egoera bat da, dudarik gabe. Horrelakoetan, suhiltzaileei deitu behar izaten zaie. Udalek, aplikazio informatiko baten bidez, dei egin behar diete suhiltzaileei, laguntza eskatzeko.

Foru Aldundiko Basanimalien eta Landareen zerbitzuburua: Hala da. Aplikazioa kudeatzen ere irakatsiko dizue gure zerbitzuko teknikariren batek. Ez kezkatu horrekin.

Alkatea: Baina… agudo hartu behar ditugu neurriak. Aplikazioaren kontu horrekin ez al da guztia atzeratuko?

Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria: Lasai. Larrialdia denez, neroni jarriko naiz harremanetan suhiltzaileekin. Baina zuek ere prest egon, gerta liteke-eta suhiltzaileek laguntza eskatzea.

Alkatea: Zer eratako laguntza?

Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria: Udaltzainek ikastetxea inguratu beharko dute, haurrak eta herritarrak gerturatu ez daitezen. Asiako liztorraren eztenkada ez da txantxetako kontua.  

Alkatea: Bestelako baliabiderik behar al da?

Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria: Bai. Udaltzainentzat ezinbestekoak izango dira buzoa eta eskularruak, eta material hori ordaintzeko ardura zuena da, udalarena.

Foru Aldundiko Basanimalien eta Landareen zerbitzuburua: Aldundiko teknikariren batek udalaren esku jarriko du “Liztor beltzaren aurkako protokoloa”. Komeni zaizue bertan jasotzen direnak irakurtzea.

Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria: Bai. Nahiz eta larrialdi honetaz neu arduratu, ez legoke gaizki udaltzainek protokoloa ezagutzea edo ikastaro bana egitea, hurrengo batean nola jokatu jakiteko; eta baita prebentziorako ere: tranpak jartzen ikasi, noiz ekin behar den jakin, eta abar. 

Alkatea: Eskerrik asko, benetan eskertzen dizuet laguntza.

Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria: Gaur arratsaldean bertan hitz egingo dut suhiltzaile buruarekin. Jakinaraziko dizut noiz diren etortzekoak, baina ez du luze joko.

Alkatea: Eskerrik asko, berriz ere.

Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria: Ez horregatik. Gure egin beharrekoa da erakunde gisa. Neu ere gaur bertan hasiko naiz arazoa kudeatzen, eta Foru Aldundiko teknikariak zuen zerbitzura izango dituzue laster.

Alkatea: Ederki. Horrelaxe egingo dugu, orduan. Zuen zain geratzen naiz.

Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikaria: Laster arte, bai.

Foru Aldundiko Basanimalien eta Landareen zerbitzuburua: Nahi duzun arte, eta ondo izan.