Testu-ereduak B1 Entzumena: Kontaketa

Argitaratua: ostirala, 8 uztaila 2016, 11:14
entzumena b1

Ekintza komunikatiboa: Lagunek, aurrez aurre nahiz telefonoz, kontatzen dituzten bizipenak ulertzea.

Kontaketa

Mikel:                 Zer, anaia joan al da New Yorkera?

Ane:                    Bai. Lehentxeago deitu dit ondo iritsi dela esateko, baina juxtu-juxtu harrapatu du hegazkina.

Mikel:                 Berandu joan al da, ba, aireportura?

Ane:                    Ez, baina enbarkea egitera (leihatilara) joan denean, pasaportea ez zeukala

                            konturatu da.

Mikel:                 Eta zer egin du?

Ane:                    Niri deitu. Korrika taxi bat hartu eta eraman diot. Azkena sartu da hegazkinean.

                           Zuri ere zerbait gertatu zitzaizun, ezta, bidaiaren batean?

Mikel:                 Bai. Duela hiru urte...

 

Duela hiru urte, benetan egun txarra izan nuen, oporretara abiatu nintzenean.

Nire lagunak eta biok Londresera joateko asmoa genuen; beraz, Bilboko aireportuan hegaldia baino bi ordu lehenago egoteko esan ziguten.

Etxetik garaiz irten ginen, badaezpada ere. Baina, autopistan kilometro batzuk egin ondoren, izugarrizko auto-ilaran sartu ginen, eta kezkatzen hasi ginen. Autoak ez ziren mugitzen! Ez genekien zer egin, eta oso berandu zen beste bide bat hartzeko. Hogeita hamar minutu eman genituen geldirik, autoak pixkanaka-pixkanaka mugitzen hasi baino lehen. Poliki-poliki handik beste errepide batera irtetea lortu genuen, baina inguru haiek ez genituen ongi ezagutzen, eta galdu egin ginen. Denboraz oso larri genbiltzan; hala ere, lortu genuen aireportura iristea. Hasieran, beranduegi zela esan ziguten, baina, azkenean, hegazkina hartu ahal izan genuen! Aireratu ginenean, amesgaiztoa amaitu zela sentitu genuen.