Testu-ereduak C1 Irakurmena : Miguel Indurainen bigrafia laburra

Argitaratua: asteazkena, 13 urtarrila 2016, 3:50
irakurmena c1
Ekintza komunikatiboa: Xehetasunik galdu gabe, biografiak ulertzea..

Miguel Indurainen biografia laburra


Miguel Indurain Larraya Atarrabian (Nafarroan) jaioa da, 1964an. Txirrindulari nafar honek Frantziako bost Tour irabazi zituen, eta jarraian gainera. Txikia zela, bere herrian bertan hasi zen txirrindularitzan murgiltzen, aitari nekazari-lanean laguntzen zion bitartean. Jaio zen herrian bertan lapurtu zioten lehendabizikoz bizikleta bat, eta hantxe bertan irabazi zuen, hamaika urterekin, lehendabiziko lasterketa. Ogitartekoa eta freskagarria eman zizkioten saritzat.

Koxkortu ahala, serioago ekin zion txirrindularitzari, Atarrabiako Txirrindularien Klubean. Reynolds taldeak fitxatu zuen 1984an, eta talde horrekin irabazi zuen Espainiako Amateurren Txapelketa. Garaipen horri esker egin zuen jauzi profesional mailara. Oraindik ere Reynolds taldean zegoela, lehenengoz hartu zuen parte Tourrean, 1985ean; baina erretiratu egin behar izan zuen katarro gogor batek jota.

1989an, Paris-Niza eta Nazioarteko Criteriuma irabazi zituen. Bera izan zen Estatu mailako lehen txirrindularia hori lortzen. Banesto taldearekin lortu zituen Miguelek, 1990etik aurrera, garaipenik handienak. 1991n, lasterketa labur asko irabazi zituen, eta, gainera, erraztasunez bereganatu zuen Tourra. Hurrengo urtean, 1992an, Tourrean bigarrenez nagusitzeaz gain, Italiako Giroa irabazi zuen lehendabizikoz. Bere lorpenak zirela eta, mundu mailako txirrindulari handitzat hartu zuten zaleek eta kazetariek. 1993ko Tourrean, sukarrak jota egin zuen erlojuaren kontrakoa, eta, ondorioz, ez zuen etapa irabazterik lortu; sailkapen nagusian, ordea, lehena izatea lortu zuen berriro. Giroa ere berarentzat izan zen bigarrenez. Modu horretan, garbi erakutsi zuen kasik garaiezina zela lasterketa luzeetan. 1994an eta 1995ean, berriro ere, irabazle gertatu zen Tourrean, eta baita maila apalagoko beste karrera batzuetan ere.

Erlojuaren kontra zeukan maisutasuna eta mendiko etapetan agertzen zuen sendotasuna ziren bere ezaugarriak. Bost Tour jarraian irabazi izana mugarri handia izan zen Frantziako lasterketa horren historian. 1996an hasi zen Indurainen beherakada, ordurako galdua baitzeukan erlojuaren kontra agertzen zuen indarra; mendiko etapetan ere huts egiten hasi zen. Urte horretako Tourra galdu ondoren, txirrindularitza utziko zuelako zurrumurruak hasi ziren zabaltzen.

1997ko urtarrilaren 2an hartu zuen erretiroa. Zaleen gogoetan iltzatuta geratu dira nafarraren izaera lasaia eta kiroltasuna. Tourreko antolakuntzak ere aitortu zion Migueli txirrindulartizari eginiko ekarpena, etapa baten irteera Olatzeko (Indurainen bizitokia Nafarroan) etxe-atarian kokatuta.