Testu-ereduak C1 Irakurmena : Emakumeen aurkako indarkeria

Argitaratua: osteguna, 29 iraila 2016, 2:17
irakurmena c1

Ekintza komunikatiboa: Erakunde batek, herritarrak informatzeko asmoz, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan argitaratutako adierazpena ulertzea.

Emakumeen aurkako indarkeria

 

 

EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO EGUNEKO ERAKUNDE ADIERAZPENA

1. Gipuzkoako Batzar Nagusiek beren egiten dute Emakumeen Mundu Martxaren mugimenduak egindako ebazpen-proposamena, urriaren 7an indarkeria matxistari aurre egiteko osoko bilkuran onartutakoa.

2. Gipuzkoako Batzar Nagusiek erakunde guztiei eskatzen diete gizarte-, politika- eta erakunde-akordio bat bideratu eta sustatu dezatela genero-indarkeriaren aurka, gizarte seguru eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabea eraikitzeko, biktimei eta haien ardurapean dauden mendetasuneko pertsonei bideratutako aurrekontu-sailak behar beste eta eraginkortasunez berrituz eta hornituz.

3. Era berean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskatzen dute jar dadila abian genero-indarkeriako epaitegi espezializatuetan laguntza judizial pertsonalizatua, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek informazioa eskura izan dezaten, salaketa aurkezten dutenetik prozesua bukatu arte, ibilbide judizialean aukeran dituzten bide eta prozedura seguruenen inguruan; eta, baita ere, esku hartzeko berariazko protokoloak ezartzeko, genero-indarkeria dela-eta jarritako salaketa kendu duten emakumeei arreta integrala emateko.

4. Batzar Nagusi hauek zuzenean egiten diete dei hezkuntza-eragileei curriculumean berdintasunari, heziketa afektibo-sexualari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzko berariazko prestakuntza sar dezaten heziketa-etapa guztietan, modu horretan, etorkizuneko gizartea, errespetuan eta elkarbizitzan oinarrituta egon dadin.

5. Era berean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek zera eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari: sar dezala berariazko atal bat emakumeen aurkako indarkeria matxista saihesteko plan integralean, helburua izanik indarkeria horren biktima diren adingabeen kaltea prebenitu, babestu eta zuzentzea.

6. Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2004ko legearen prebentzio-, prozesu-, zigor- eta babes-xedapenak zabal daitezela eskatzen dute, modu horretan legeak barne har ditzan, dagozkion egokitzapenak eginez, emakumearen aurkako indarkeria mota guztiak, hala eskatzen baitute CEDAWren 19. Gomendio Orokorrak eta emakumearen aurkako indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren aurkako prebentzioari eta borrokari buruzko Europako Kontseiluaren Itunak (Istanbuleko Ituna), Espainiak berresten duenak. 

7. Gipuzkoako Batzar Nagusiek Emakunderi eskatzen diote osoko ikuspegia izango duen analisi bat egin dezala emakumeenganako indarkeriaren aurkako egungo politikei buruz, talde feministekin, emakumeen taldeekin eta organismo adituekin elkarlanean. Eta neurri egokiak proposatu ditzala bi hauei erantzuteko: batetik, analisi horretan antzemandako beharrei, eta, bestetik, indarrean dauden arau eta akordioen ebaluazioan identifikatutako hobekuntza-beharrei.

8. Era berean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek neurriak garatzen jarraitzeko eskatzen diete erakunde eskudunei gizarte-zerbitzuen aurretiazko balorazioaren arabera indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, berehala, etxebizitza-alternatiba bat bermatze aldera.

9. Gipuzkoako Batzar Nagusietatik, borroka feministarekin daukagun konpromisoa berresten dugu, emakumeenganako eta gainerako senitarteenganako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko tresna gisa.

10. Batzar Nagusi hauek mugimendu feministak azaroaren 25erako deitu dituen mobilizazioekin bat egiten dute, eta dei egiten diote gizarte osoari parte hartzeko.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Presidentea

Eider Mendoza Larrañaga

Donostia, 2015eko azaroak 30

(Moldatua)