Testu-ereduak B1 Irakurmena: Zumaiako danborrada, Sevillan

Argitaratua: astelehena, 13 otsaila 2017, 10:14
irakurmena b1

Ekintza komunikatiboa: Tokiko aldizkari batean, herritarrak informatzeko asmoz, antolatutako jarduera baten inguruan esaten direnak ulertzea. 

Zumaiako danborrada, Sevillan, Telmo Deun animatzen

Igandean hasi zen Sevillan aurtengo San Miguel Liga. Andaluziako hiriburura joan zen herriko danborrada bat, Telmo Deuneko mutilak animatzera eta Sevillako kaleak girotzera. Hona antolatzaileek bidali dizkiguten oharra eta argazkia:

Pasa den asteburuan, Sevillan, TKE ligari eman zitzaion hasiera; bertan izan ziren herriko arraunlari gazteak, Telmo Deun traineruarekin, herriko koloreak defendatzen. Hori horrela, herriko talde batek, mutilak animatu eta giroa jartzeko asmoz, Zumaiatik danborrada bat eramatea pentsatu zuen.

Inguruko lagunak bildu, eta, antolatzaile-taldea osatu ondoren, gogor ekin zioten lanari. Ez da bide erraza izan, baina danbortzaleen erantzun onarekin eta jarritako gogo eta ilusioarekin aurrera atera da hasiera batean proiektua zena, eta Sevillan izan gara danbor-soinuekin bertako kaleak alaitzen. Ezin ahaztu, jakina, Zumaiako Udalaren laguntza, ezinbestekoa izan baita guztia burutzeko.

Besterik gabe, antolatzaileen aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu bidai hau posible egin duten guztiei, bakoitzak bere egitekoa bete baitu eta San Pedro eta San Telmotako danborradak batu eta Zumaiako Danborrada osatzea lortu baitugu denon artean. Eskertzekoa da bidaian sortu zen giro aparta.

Mila esker, eta ea etorkizuneko proiektuetan berriro topo egiten dugun. Hurrengora arte!

BALEIKE.eus (Zumaia)

Gizartea (2016-06-22)

(Moldatua)