Testu-ereduak B1 Irakurmena: Prentsa idatziko Argia saria

Argitaratua: asteazkena, 13 urtarrila 2016, 3:50
irakurmena b1

Ekintza komunikatiboa: Kazetari saritu bati prentsa idatzian egindako elkarrizketa arrunt bat ulertzea.

Prentsa idatziko Argia saria


Prentsa idatziko Argia saria jaso du Edu Lartzanguren BERRIAko kazetariak, egunero Agenda sailean egiten dituen elkarrizketa laburrengatik. Lankideei eta elkarrizketatuei eskaini die saria: «Oso pozik nago», aitortu du.

Gustura sariarekin?

Oso pozik. Bost urte daramatzat elkarrizketak egiten (urte hauetan 600 lagun inguru elkarrizketatu ditu), eta horrek bere aitorpena baduela ikusteak sekulako poza ematen du.

Lankideei eta elkarrizketatuei eskaini diezu saria.

Bai. Nik galderak egiten ditut soilik. Benetako protagonistak elkarrizketatuak dira: musikariak, hitzaldiak ematen dituztenak, dantzariak... Haiek elikatzen dituzte elkarrizketak. Haien iritziak eta ekarpenak dira benetan interesa sortzen dutenak. Eta urte hauetan lankide izan ditudanak ere gogoan eduki nahi izan ditut.

Erraza izaten al da elkarrizketatuak aukeratzea?

Bai eta ez. Bai, elkarrizketak beti egon behar duelako lotuta hurrengo egunean egingo den ekitaldi batekin. Beraz, horrek markatzen dizu zein aukera dituzun. Eta ez, aipatu dudan horregatik, kasu batzuetan ezin duzulako nahiko zenukeen pertsona hori elkarrizketatu. Baina bien artean oreka bat bilatzen saiatzen naiz. Joko polita da.

Elkarrizketa laburrak dira egiten dituzunak, 4-5 galderatakoak. Nola lortzen da galdera kopuru horrekin elkarrizketatuei zerbait interesgarria ateratzea?

Nik beti esaten dut pertsona bati lauzpabost galderatan ez badiozu zerbait interesgarria ateratzen, ez diozula hamar galderatan aterako. Gustatuko litzaidake elkarrizketa luzeagoak egitea, baina horiek beste mota batekoak izango lirateke. Orain egiten ditudanekin asko gozatzen dut. Jende interesgarri asko ezagutzeko aukera ematen dit.

Berria (2013-01-26)
(Moldatua)