Testu-ereduak B1 Irakurmena: Aspaldiko adiskide bati

Argitaratua: astelehena, 16 maiatza 2016, 10:03
irakurmena b1

Ekintza komunikatiboa: Lagun batek idatzitako gutunean, gertaera, sentipen eta nahien deskribapena ulertzea.

Aspaldiko adiskide bati


 

Orion, 1979ko apirilaren 5ean

Kaixo, Eusebio.

Zer moduz? Beti bezain bizkor? Banekien Elgetan bizi zinela, baina galdezka ibili behar izan dut zure helbidea lortzeko. Adin-kontuak, badakizu. Dena dela, oraindik ez zaizkit ahaztu gerra zibilean Martiartu Batailoian bizitakoak. Ederki dakizu: zuri esker nago bizirik!

Kontua da gure alaba ezkontzera doala laster, eta zu haren ezkontzara etortzea gustatuko litzaidake. Etxekoei maiz hitz egin diet zuri buruz, eta ez nuke mundu honetatik joan nahi haiek zu ezagutu gabe. Gerran gertatutakoa gogoratzen dudan bakoitzean, hunkitu egiten naiz; arraroa badirudi ere, iruditzen zait gerra penagarri hark oroitzapen onak utzi dizkidala zuri esker. Erakutsi zenituen kemena eta solidaritatea bonben hotsa bezain ongi gogoratzen ditut.

Gure belaunaldia badoa apurka-apurka, baina gure seme-alabak gizarte baketsu batean bizi dira, eta gure bilobak ere halaxe bizitzea nahi dut. Horrez gain, beste hau ere nahiko nuke: belaunaldi gazteek gure herriaren eta bakearen alde borrokatu ginela jakitea, eta gure lurraldean horrelakorik inoiz ez errepikatzea.

Har ezazu nire agurrik beroena, Eusebio. Zorterik onena opa dizuet zuri eta zure familiari!

Ezkontzara arte! 

Jeronimo