Testu-ereduak B1 Entzumena: Gashembrum

Argitaratua: astelehena, 13 otsaila 2017, 9:51
entzumena b1

Ekintza komunikatiboa: Irratian euskal mendizale ezagun bati egindako elkarrizketa arrunta ulertzea.

Gashembrum

 

 

Kazetaria: Alberto Iñurrategi, arratsalde on dagizula.

Alberto Iñurrategi: Arratsalde on.

Kazetaria: Zer moduz bizi zarete Gashembrum aldean?

Alberto Iñurrategi: Oso ondo. Azkeneko aste hau lasai joan da, eguraldi… bueno, oso nahasia izan dugu. Kanpaleku nagusian ere elurra bota digu, eta bueno, bada, hementxe, egonean giro, lasai: errekuperatu, ondo jan, ondo hidratatu, loaldi ederrak egin, eta, egia esan… oso lasai egon gara.

Kazetaria: E, Alberto, aurreko igoeretan aipatu duzue mendiaren egoera ez dela batere ona. E, hemendik aurrera, hurrengo egunetan, mendian, zer egin nahi duzue?

Alberto Iñurrategi: Bueno, mendiaren egoera esango nuke ona dela. E, orain arte elur gutxi zegoen itxura hartu diogu, eta hori, berez, ez da batere txarra; buruan genituen asmoetarako, behintzat. Eta orain zerbait aldatuko zen azkeneko egun hauetako elurrarekin; baina, bueno, uste dugu, bada, ondorengo egunak onak izaten badira, eguzkitsuak, berehala aldatuko dela, eta, berriz ere, lehengo itxura hartuko duela. Pixka bat, bueno, hori izan da orain eramaten dugun asmoa. Bada… orain arte 6.400 metrotara lo egin dugu, horrela… altuerarik garaienean, eta oraingo irteera honetan, bada, bueno, uste dugu maila hori pasatu beharra daukagula eta 7.000 metro ingurura hurbildu eta, hor, bada, gutxienez, gau bat pasatzea.

Kazetaria: Jakina da, Alberto, espedizio honetan helburu edo asmo desberdinak ere badituzuela, bakar bat finkatu behar duzue. Igoera honetan erabakiko duzue zer igoera-klase egin nahi duzuen gailurrera?

Alberto Iñurrategi: Bai. Egia da, bueno, oso era askean etorri garela; e, ez dugu ekarri helburu finkorik; hori egitea benetan ederra da, mendira askatasun horrekin hurbiltzea, eta, baldintzen arabera, bada, bueno, erabaki hori hartzea, ez? Eta bai, irteera hau izango da… bada, jada, azkeneko erabaki hori hartu eta, bueno, mendia nondik saiatuko dugun pentsatzeko, ez? Uste dugu irteera honetan begiz jota ditugun bi aukera oso modu onean ikusteko aukera izango dugula, bada, bueno, ikuspegi polita izango dugula, eta, bueno, aurretik ez dugu ezer erabaki nahi bertatik bertara ikusi eta baloratu arte.

Kazetaria: Bada, oso ondo, Alberto Iñurrategi, gurekin izateagatik, eta goi horietan ondo ibili datozen egunotan.

Alberto Iñurrategi: Eskerrik asko.     

 

Alberto Iñurrategiri elkarrizketa

Euskadi Irratia: Hiru Erregeen Mahaia (2016-07-09)