Testu-ereduak B1 Entzumena: Denboraren bankua

Argitaratua: asteazkena, 28 iraila 2016, 12:00
entzumena b1

Ekintza komunikatiboa: Lagun batek bizi-filosofia baten inguruan emandako azalpenak ulertzea.

Denboraren bankua

 

Hiru lagun, Xabierren bizi-filosofiaren inguruan solasean.

 

Igone: Eta zer da, bada, denboraren bankua, Xabier?

 

Xabier: Bada, diruak baliorik ez duen sistema bat. Zerbitzuak trukatzen dira. Hori du ezaugarri nagusia.

 

Elena: Eta zein zerbitzu eskaintzen dira?

 

Xabier: Uf! Edozein zerbitzu izan daiteke, baina denbora edo lan-orduak hartzen dira kontuan, ez txanponak.

 

Igone: Filosofia bitxia, ezta?

 

Xabier: Zera da garrantzitsuena: guztion denbora dela baliotsua, eta zureak nireak adina balio duela.  

 

Elena: Eta badago bizitzerik modu horretan?

 

Xabier: Sare sozial bat sortuz gero, posible da. Gainera, krisiari aurre egiteko era bat ere bada. “Funtziona”, Perurenak esango lukeen moduan…

 

Igone eta Elena: Kar-kar-kar. Eta zein da, bada, funtzionamendua?

 

Xabier: Internet bidez kudeatzen da. Izena eman orduko, hamar ordu eskuratzen dira. Eta, hortik aurrera, bada, zerbitzuak trukatzen hasten zara.

 

Elena: Eta trukaketa nola egiten da?

 

Xabier: Esaterako, pintore batek zure etxea pintatzeko hiru ordu behar baditu, zuk hiru orduko transferentzia bat egin behar diozu berari. Era berean, hiru ordu horiek berreskuratzeko, beste zerbitzu batzuk eskain ditzakezu. Horrela sortzen dira zerbitzu gurutzatuak.

 

Igone: Eta zerbitzua talde bati eskaintzen badiozu?

 

Xabier: Jo dezagun ordubeteko gitarra-eskola ematen diezula bost laguni. Ordubete soilik irabazten duzu zerbitzuagatik, baina beste lau orduak ordu-kaxa komun batean sartzen dira. Kaxako ordu horiek denen mesederako erabiltzen dira; adibidez, festa bat antolatzeko.  

 

Elena: Filosofia polita. Gustatu zait. Eta badakizu, kontu honek antz handia dauka adiskidetasunarekin; izan ere, adiskidetasuna ez al da elkarri denbora eskaintzea?

 

Igone: Halaxe da, Elena. Gaur nigatik eta bihar zugatik. Ez da gaur goizeko esaera!