Testu-eredua C2 Entzumena: "Zu" nobelaren aurkezpena

Argitaratua: astelehena, 13 otsaila 2017, 12:43
entzumena c2

Ekintza komunikatiboa: Liburu baten aurkezpenean, idazleak nobelaren ardatz den bizipen pertsonal baten inguruan egiten duen hausnarketa ulertzea.

“Zu” nobelaren aurkezpena

 

 

Anjel Lertxundi: Zerbait bilatu nahi baldin bada liburuan, liburuan bertan dago egia. Egia da esperientzia pertsonal batetik sortutako liburua dela, esperientzia pertsonal hori gogorra izan dela eta izaten ari dela, eta esperientzia pertsonal horrek, nolabait, orain hiru urte, bizitza aldatu zigula.

 

Eta bizitza aldatu zigun bi zentzutan, bi zentzu nagusitan: lehendabizi, modu fisikoan, egunerokotasunean eta gure martxan; eta gero, bigarren modu batean, eta, literaturaz hitz egin nahi dudanez, literaturari dagokion modu batean, munduari begiratzeko beste modu batez. Ez dut esango aurretik ez zegoenik hori bera, baina bai fokalizatu egiten direla gorabeherak, modu askoz ere trinkoago batean, interesatzen zaizkizun kontu horietan. Eta zein da interesatzen zaizun, momentu horretan interesatzen zaizun kontu hori, ez baldin bada bizitzaren aurpegi bat, bizitza beraren ezaugarri bat, eta da, hain zuzen ere, sufrimendua. Jaio izanak, bizitzen hasi izanak, bizitzaren misterioak badu osagarri bat, askotan nahiago duguna perspektibatik bazter utzi, eta nahiago duguna, nolabait, hartaz ez jardun eta bihurtu halako tabu bat, onartu ezin dugun kontu bat. Eta da sufrimendua, da, nolabait, gure gorputza dela materia, eta geure gorputzak, egunen batean, bukaera izango duela.

 

Eta perspektiba hori fokalizatzen denean, eta han jartzen direnean indar guztiak — esaten nuen bezala, perspektiba aldatu egiten da guztiz —, eta, perspektiba aldatzen denean, zer gertatzen zaio, adibidez, idazle bati? Bada, hasiera hartako “mala letxean” eta abailduran, bada, nolabait, irtenbide bat eman nahi diola abaildurari eta “mala letxe” horri, eta hasten dela apunte batzuk hartzen. Eta apunte horiek, hasiera batean, dira, bada, hori, haserrezkoak. Eta dira, baita ere, desahogo bat, barren-huste bat, kabitu ezin bat, eman nahia: testigantza bat. Eta testigantza hori, hasiera hartan, ez da norberarentzat baino, edo, gehien-gehienera ere, alboan daukazunarentzat. Aitortza, aitortza bat egiten ari zara, eta aitortzak beti dira intimitatean egiten ditugun kontuak, inoiz onartzen duzun arte posible dela hori zabaltzea, baduelako, bada, aukera, aukera hori.

 

Eta, hor, momentu horretan nagusitzen den — eta hau askotan komentatu izan dugu onkologian-eta ibili garenean, eta abar —… lehenik gaixo bati, eta, gaixoaren ondoan dagoenari, lehendabizi sortzen zaion galdera da: Zergatik niri? Modu batera edo bestera formulatuta, baina “zergatik niri”; eta, zer esanik ez, gaixoa gaztea baldin bada. Ezagutu ditugu kasu zoragarri askoak, eta zoragarri diot bizitzari eusteko erakusten zuten duintasunarengatik… “Zergatik niri” galdetzea erabat logikoa da. Baina “zergatik niri” galdetzen du, baita ere, 70 urteko gaixo batek. Eta “zergatik niri” galdera horren abailduran, “zergatik niri” galdera horren ulertu ezinean, pasatzen da hainbat denbora. Eta denbora hori izan daiteke luzapen handikoa edo izan daiteke sakonera handikoa eta luzapen gutxikoa. Baina kontua da, momentu jakin batean, edo zulo horretatik irteten zara eta esaten duzu: Zergatik ez niri? Bizitzaren egokieretako bat baldin bada hori tokatu… halabeharrak hori ekarri…  ahal izatea.

 

Eta, orduan, behin egoera horretan, eta niretzat, nolabait, gaixotasun baten momentu fundazionala, gaixotasun bat aurrera eramateko momentu fundazionala da galdetzen duzunean: Eta zergatik ez niri?     

  

Lertxundi, Anjel

Youtube: “Zu” nobelaren aurkezpena (2015-11-24)