Testu-ereduak C2 Idazmena: Zinemak zein baliabide eskain ditzake eskolan elkarbizitza sustatzeko?

Argitaratua: ostirala, 30 iraila 2016, 10:30
idazmena c2
  • Atala:
  • Jakintza arloa:
  • Trebetasunak:
  • Level:
  • Curriculum-arloak:
    • Langaiak: Testu-ereduak
  • Bisitak: 329
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Ekintza komunikatiboa: Aditu batek, hezkuntza-aldizkari espezializatu batean, artikulu bat idaztea, zinemak hezkuntzan duen eragin positiboa nabarmenduz.

Zinemak zein baliabide eskain ditzake eskolan elkarbizitza sustatzeko?

 

Zinema eskolan erabiltzeko erreminta ezin hobea dela baiezta dezakegu, bi dimentsio uztartzen baititu: bata ludikoa, eta, bestea, hezitzailea. Zinemak trebatu eta informatzeko ahalmena du, jolas-moduan. Istorio on batek haur edota gazteen arreta bereganatzeko ahalmena du, eta, era berean, gizartearen ezagutzan sakontzeko aukera ematen du, beste kulturak ezagutzekoa, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren gaineko ikuspegia osatzekoa. Ideia, pentsamendu, jarrera, arau, balore eta abarrekin kontaktuan jartzen gaitu. Bestearen lekuan jartzen ere asko laguntzen du, protagonistek lehen pertsonan hitz egiten baitigute eta beraien errealitatean murgiltzen baitira, konturatu gabe.

Bakearen kultura eta balioen hezkuntza zabaltzeko tresna sortzailea ere bada zinema. Teoria, diskurtso eta gomendioen ordez, Baketik-etik zinemaren hizkuntza sortzaile, artistiko eta dibertigarria proposatzen dugu. Filma ­ikusteak ikuslearen begietan eta sentsibilitatean sortzen dituen esperientzia eta emozioen bidez heztea proposatzen dugu. Ez dugu ikasgai bat ikasi nahi, baizik eta esperientzia bat bizi, ­emozio bat sentitu eta bizitako horren inguruan gogoeta egin.

Baketik-en ustez, gogoeta, elkarrizketa eta zentzu kritikoa sustatzeko oso tresna egokia da zinema. Eztabaida, elkarrizketa eta ika-mika eraikitzailea piztu eta dinamizatzeko bide aproposa, beraz.

Zinema, errealitatea deskribatzen duen heinean, gizartearen eta elkarbizitza-arazoen ispilu bilakatzen da, sarritan. Bizikidetzako hainbat dilema eta ­erronka aztertzeko eta lantzeko ahalmena ematen digu. Demagun film jakin bateko protagonisten bizipenak aztertzen ditugula. Gugandik at ikusten ditugu euren arazoak, gatazkak, bizipenak... eta distantzia horrek lanketa ­errazten digu.

Elkarbizitza, zinemaren bidez

Baketik-ek zinema Izan Proposameneko edukiekin bateratzea proposatzen du. Tresna-kaxa bat da Izan, zortzi ikaskuntzaren inguruan eratua, eta gizaki izaten ikasteko eta irakasteko baliabide teorikoak eta praktikoak eskaintzen dizkigu, hezkuntza-ziklo osorako (Lehen Hezkuntzatik Batxilergora arte), kiribil-erako jardueran (www.­izanproposamena.org).

Hobeto bizitzeko, elkarbizitzeko ­eta hezteko zortzi ikaskuntza nagusitan biltzen du edukia Izan Proposamenak: (1) gizakion mugatasuna, (2) esker ona, (3) kontzientziari entzutea, (4) giza duintasuna, (5) elkarrizketa, (6) enpatia, (7) pazientzia eta (8) maitasuna. Ikaskuntza horiek abiapuntu hartuta, jorra daitezke beste hainbat ere. Unitate didaktiko bakoitzak sormen-baliabide bat du abiapuntu: testuak, kantak, bideoklipak, albisteak, poemak, ipuinak, jolasak... eta filmak. Izan Proposamenaren asmoa da esperientzia xume eta esanguratsuak eskaintzea. Ekimen honetan, behin eta berriro agertzen zaigun baliabidea dugu zinemaren erabilera didaktikoa.  

Proposamen honetako materialarekin osa daiteke zinemarekin egiten den lana. Ikaskuntza bakoitza lantzeko hainbat film proposatuko ditugu, eta film bakoitza interpretatzeko eta lantzeko hainbat gako azalduko ditugu.

Pelikula baten aurrean, zenbat ­ikusle, hainbat interpretazio izan ohi dira. Zinema-zuzendari batzuei ez zaie gustatzen beren lanari buruz argibide askorik ematea: filmean dago esan behar zuten guztia, eta ikusleari dagokio ondorioak ateratzea. Beste batzuek, aldiz, ematen dute beren interpretazioa, baina ez dute aterik ixten.

Baketik-ek filmeekin proposatzen duen lanak hainbat interpretaziori zabalik dagoen elkarrizketa eskatzen du. Baina, non dago interpretazio arbitrario batean ez erortzeko muga? Narrazioan agertzen den horretan oinarritua behar du izan interpretazio horrek, eta istorioan, eszenetan, pertsonaien erreakzioetan eta motibazioetan ikusten den hori izan behar du euskarri.

Bestalde, film on batean ez da ezer kasualitatez agertzen. Horregatik, ­etengabe galdetu behar diogu geure buruari zer dela-eta azaltzen diren elementu horiek guztiak. Galdera horiei erantzuteko, irizpide egokia da hipotesiak proposatzea, eta, narrazioarekin alderatuta, arrazoitzea. Hau da, etengabe bilatzea narrazioko aztarna esanguratsuak, hipotesiak formulatzeko eta ­arrazoitzeko.

Filma ikusi aurretik hasten dira harekiko lanak. Komeni da ikasleei filma azaltzea eta harekin zer lan egin nahi dugun argitzea. Helburuak jorratu behar dugun gaiari buruzko hausnarketa egitea, eta, aldi berean, narrazioarekiko jakin-mina sustatzea dira. Hartara, filma ikusteari ekiten diogunean, ez gara hutsetik abiatuko.

Filma ikusi ondoren, guregan indarra hartzen hasten da istorioa. Baliteke hasierako istorioa, gerora, aldatzea. Narrazioaz hausnartu ahala, hasieran ­eragin zigun zer hura oso bestelakoa da, agian, orain. Istorio horrekin lan bat egiten badugu, berriz, are biziagoa izan daiteke aldaketa. Horregatik, bada, narrazioak gugan duen eragina aztertuko dugu lan honekin. Lehenik eta behin, hasierako inpresio haren freskotasuna aprobetxatuz; ondoren, lan narratiboa eta didaktikoa eginez, istorioak gugan utzi duen arrastoaz baliatzeko denbora-tarte bat igarotakoan.

Baliabideak eta metodologia

Baketik-ek bizikidetzarako zinema izeneko programa du abian, kalitatezko pelikulen zerrenda zabal batekin. Zenbait gai jorratzen ditu: giza harremanak, gatazkak, bizikidetza, arazo pertsonalak, bakea, giza eskubideak, etika... Bi zerbitzu eskaintzen dituen programa da:

(a)    Bideoteka irekia. 240 filmeko fondoa da, Baketik-eko webgunean eskuragarri dagoena. Geurekin eta besteekin etikoki bizitzearekin zerikusia duten filmen eta dokumentalen bideoteka da. Film bakoitzak gida didaktiko bat dauka gure seme-alabekin edo ikasleekin, bizitzarekin eta giza harremanekin lotutako gaiei buruz gogoeta egiteko. Gainera, adin eta gaika sailka ditzakegu film guztiak, gure asmoetarako egokiena aukeratuz. Webgunean azaltzen diren film guztiak Baketik-en daude, eta, norbaitek pelikularen bat behar izanez gero, maileguan uzten ditugu, doan.

(b)    Bideokluba. Urtean 10 film ­eta gida didaktikoak jasotzen dituzten 170 bazkidez osatutako sarea da. Hala, bazkide bakoitzak bere bilduma osa dezake.

Metodologiari dagokionez, bi hitzetan esateko, honako sekuentzia proposatuko genuke: (a) Begiratu. Sormenezko baliabide bat jorratu, hau da, film bat. Modu horretan, zerbait ikusi eta landu daiteke gugandik at (b) Pertsonalizatu. Galdera eta beste baliabide batzuen bidez gureganatu egiten dugu gaia. Norberak, banaka, bizi behar du landu nahi den hori. (c) Partekatu, besteei azaldu. Aurreko ataletan ikusitakoa eta sentiturikoa hitzez adierazten saiatzen gara, azkenik.

Aseginolaza, Maite

Hik Hasi aldizkaria (200. alea/2015eko uztaila)

(Moldatua)