Testu-ereduak C2 Idazmena: Transgenikoak gorantz, etengabe

Argitaratua: asteazkena, 13 uztaila 2016, 1:21
idazmena c2
  • Atala:
  • Jakintza arloa:
  • Trebetasunak:
  • Level:
  • Curriculum-arloak:
    • Langaiak: Testu-ereduak
  • Bisitak: 522
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Ekintza komunikatiboa: Informazioa emateko eta gogoeta eragiteko xedez, aldizkari espezializatu batean gai bati buruzko azalpen-artikulua egitea.

Transgenikoak gorantz, etengabe

2007an baino ia % 10 hektarea gehiago hartu zituzten iaz transgenikoen landaketek munduan. Hori adierazi du bioteknologiak nekazaritzan dituen aplikazioez arduratzen den erakunde estatubatuarrak (ISAAA), urtero argitaratzen duen txostenean.

Gora doa, urtetik urtera, zenbait landare-espezie transgenikoren landaketa-kopurua. 1996an landatzen hasi zirenetik, 72 aldiz handitu da landare horiekin landatutako azalera, eta ISAAAn guztiz onuragarritzat jotzen dute igoera hori. Ez da jarrera harrigarria, beren filosofia transgenikoak zabaltzea dela jakinda. Honela aurkezten dute beren burua webgunean: “irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, eta nekazaritzan agertzen diren teknologia berriak iritsarazten dizkie garatze bidean dauden herrialdeetako txiroei. Helburua da indar handiko teknologia horiek partekatzea haietaz baliatuko direnekin, eta, aldi berean, ziurtasunez erabiltzeko ingurune egoki bat sortzea”.

ISAAAk emandako datuak oso orokorrak dira, eta irudi dezake ez duela lotura handirik gurekin. Baina ez, oso gertuko gaia dugu transgenikoena. Izan ere, Espainian hazten dira Europako Batasuneko landare transgeniko gehien. Batez ere, Ebro ibaiaren arroan landatzen dituzte landareok.

Hori gutxi ez eta, Ibercajak, Ebro ibaiaren arroan kokatuta dagoen banketxeak eta Espainiako laugarren banketxe garrantzitsuenak finantzatu du, besteak beste, ISAAAk argitaratu berri duen txostena.

Atzera eta aurrera

Europako Batasunean, transgeniko-espezie bakarra dago baimenduta, Bt artoa. Artoari kalte egiten dion intsektu bati eraso egiteko proteina bat sortzen du artoak, genetikoki eraldatzean sartutako geneari esker. Espainian eta beste hainbat herrialdetan landatzen dute, eta % 21 egin du gora labore transgenikoen proportzioak Europan.

Dena den, Europako Batasuneko herrialde guztietan ez dute ekoizten arto hori. Frantziak, adibidez, iaz debekatu zuen landatzea. 2007an, 22.000 hektareatan erein zuten Bt artoa, eta, 2008an, 100.000 hektarea landatzeko asmoa zuten. Genetikoki Eraldatutako Organismoen inguruko Frantziako Aginte Gorenak, ordea, txosten batean jakinarazi zuen ebatzi gabeko kontuak daudela arto horren inguruan, eta ingurumenari kaltea eragin diezaioketela edo toxikoak izan daitezkeela epe luzean. Hori ikusita, Frantziak babes-klausulari heldu zion, eta ez iaz, ez aurten, ez du baimenik eman Frantziako lurretan Bt artorik hazteko.

Frantziak ez ezik, Austriak, Hungariak eta Greziak ere heldu diote klausula horri. Estatu Batuetan, beste muturrean, beste inon baino espezie gehiago landatzen dituzte; zortzi, hain zuzen: soja, artoa, kotoia, canola izeneko koltza mota bat, kuiatxoa, papaia, alpapa eta azukre-erremolatxa.

Transgenikoen inguruan informazio falta handia dagoela uste dute europar askok.

Erraz ikus daiteke izugarrizko nahaspila dagoela transgenikoen inguruan. Agintarien artean

ez ezik, hiritarren artean ere ikus daiteke jarrera nahasgarri hori. Iazko Eurobarometroaren emaitzek adierazi zuten Espainian behintzat oso antzekoa dela transgenikoen aldekoen eta kontrakoen kopurua: % 31 eta % 26, hurrenez hurren.

Aldeko edo kontrako jarrera hori baino azpimarragarriagoa da, agian, Espainian gutxi gorabehera beste hainbestek (% 23k) ez dutela sekula ezer entzun elikagai transgenikoen inguruan, eta % 20k ez dakitela edo ez dutela erantzun. Izan ere, informazio falta handia dagoela diote europar askok, % 34k hain zuzen. Eta informazio nahikorik izan gabe ere iritzia ematen dute batzuek. Hain zuzen, europarren % 58 transgenikoen kontra agertu da, eta % 21 alde. Behar beste informazio ez izateak eramaten omen ditu asko jarrera ezkorra izatera.

 

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyarren zientzia.eus webgunean argitaratua (2009-03-15)

(moldatua)