Testu-ereduak C2 Idazmena: Sortaldea

Argitaratua: astelehena, 13 otsaila 2017, 2:53
idazmena c2
  • Atala:
  • Jakintza arloa:
  • Trebetasunak:
  • Level:
  • Curriculum-arloak:
    • Langaiak: Testu-ereduak
  • Bisitak: 656
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Ekintza komunikatiboa: Gogoeta eragin asmoz ipuin labur bat idaztea, deskripzio aberatsak eginez eta esaldi korapilatuak elkarlotuz.

Sortaldea

 

Siwako oasian, Egipton, Libiako morturantz, gameluak uraskara eraman eta buruan turbantea atondu ondoren, beduinoa eguzkiaren irteerari begira geratu da. Harea norabiderik gabe irristatzen alfonbra gainean makurtu denean.

 

Southwolden, Ingalaterran, emakume taxilaria zurezko etxetxo pintatuen atarian dago, hondartza hutsetik eguzkiaren irteerari begira.

 

Bilboko itsasadarraren bazterrean, Euskal Herrian, behe-laino gris tristea sortzen da euskaldunen ahoetatik, urrundik harrizkoa dirudiena, eguzkia eraikinen artetik datorren artean.

 

Ilulissat herrixkan, Diskoko badian, Groenlandian, arrantzalea eta ehiztaria den gizon hori, gaur arrantzara edo ehizara abiatuko den erabaki gabe oraindik, eguzkiari begira dago.

 

Bronx auzoan, New York hirian, hoteleko auskalo zenbatgarren pisuan, atsoa ohe gainean eserita dago, leiho partean biluzik, sortaldera begira. Begiak handiak ditu, zikinak, eta galdu du ondo ikusteko ahalmena.

 

Roraima aldean, Venezuela eta Brasil artean, neskatoak hatz txikiaren neurriko igeltxo beltz bat ikusi du itzartu eta begiak zabaltzean, beltza baina sabel laranjaduna, eta gero Tepui gainetik eguzkia jaikitzen.

 

Hong Kong hiriko portuan, kaiko zamaketaria, gauez estiban lan egin ondoren, beste zereginik gabe geratu da garabiaren aldamenetik sortzen ari den eguzkiari eta zakuetatik eroritako arroz-garauak jaten dituen usoari begira.

 

Eta hemen, leiho honetatik, egunsentiari begira nago ni ere, neure itzalaren aldamenean, ikusiz txorien itzala dela bakarrik gorputzetik banandu eta urruntzen dena.

 

Eguzkia sortzen ikusteko gogoa dugu lehenengo. Ez dago eguzkia gorri, biribil, handi altxatzen sentitzea baino gauza ederragorik. Dena argitu eta epeltzen duela munduan. Arratsaldean jadanik noiz sartuko ote den pentsatzen dugu; iluntzea heltzeko gogoa ere izaten dugu batzuetan, ez eguzkia akaba dadin, baizik eta biharamunean sor dadin.   

 

Sarrionandia, Joseba

“Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako” (Xangorin)

Sortaldea (7. or)

 (Moldatua)