Testu-eredua C2 Mintzamena: "Aintzinako DNA ikertzen dugunean, iraganerako leiho bat irekitzen dugu"

Argitaratua: Monday, 16 May 2016, 1:07 PM
mintzamena c2

Ekintza komunikatiboa: Antropologia aditu batek, hedabide baten galderei erantzunez, ikus-entzuleei bere arloko jakingarriak azaltzea.

"Aintzinako DNA ikertzen dugunean, iraganerako leiho bat irekitzen dugu"

 

Zein informazio-mota lortu daiteke gizateriaren historiaz antzinako DNA ikertuz?

Antzinako DNA ikertzen dugunean, lortzen duguna da iraganerako leiho bat irekitzea. Orduan, leiho horretatik ikusten duguna da argazki bat, baina argazki honetan lortuko duguna izango da iraganean existitzen zen aldakortasun genetikoaren irudi bat. Orduan, hortik abiatuta, guk ondoren egin dezakeguna izango da, adibidez, espezie ezberdinen arteko harreman filogenetikoak berreraiki, edo, baita ere, aztarnategi berean dauden indibiduoen arteko ahaidetasun-harremanak finkatu; edo, kasu batzuetan, baita ere, posible izango zaigu [jakitea], bada, indibiduo batzuk zein jatorri geografiko daukaten edo nondik etorri diren aztarnategi edo momentu konkretu horretara.

Gero, baita ere, teknika hauek erabilita, lortu dezakeguna da, bada, pertsonaia historiko batzuk identifikatzea. Eta beste aztarna-mota batzuk erabiltzen baldin baditugu (adibidez, iraganeko indibiduo hauek utzitako hondakinak edo koprolitoak), eta koprolito horiek analizatzen baldin baditugu hurrengo belaunaldiko sekuentziazio-teknikekin, lortu dezakegu koprolito horretan dauden espezie desberdinak identifikatzea, eta, identifikazio horren bidez, egin dezakeguna da indibiduo horrek kontsumitu zuen dieta berreraiki.    

Nola lortzen eta aztertzen duzue antzinako DNA hori?

Antzinako DNA izango da iraganean bizi ziren organismoen aztarna biologikoetatik erauziko dugun DNA. Erauzketa hau egiteko erabiliko ditugun aztarna biologikoak izango dira hezurrak eta hortzak, horiek baitira erregistro fosilean ugarienak. Orduan, antzinako DNA erauzteko erabiliko dugun metodologia izango da metodologia efiziente bat, zeren lortu behar duguna da ahalik eta DNA kantitate gehien, eta, gainera, kalitate handikoa. Behin DNA hori daukagunean, bada, beno, jarraitu ditzakegu bi bide: bide bat izango da bide klasikoa, eta bide klasiko honetan analizatuko duguna izango da ADN mitokondriala; edo erabili dezakegu beste metodologia bat, gaur egun modan dagoena, eta izango dena hurrengo belaunaldiko sekuentziazioa. Eta teknologia honekin lortuko duguna izango da, bai genoma mitokondriala, eta, bai genoma nuklearra, osorik sekuentziatzea.

Zer jakin dugu giza talde ezberdinen mugimenduez antzinako DNAri esker?

Antzinako DNAren analisiaren bidez, posible izan da iraganean planteatutako zenbait paradigma eztabaidan jartzea. Paradigma hauetariko bat da neolitoaren hedapena. Neolitoa da nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garapena, eta, paradigma honen arabera, neolitoa Ekialde Hurbilean garatu zen, eta Europan zehar hedatu zen Europa Mendebaldera heldu arte, olatu bat bezala. Orduan, analizatu izan direnean neolito garaiko aztarnak, ikusi izan dena da hedapen hau ez dela olatu bat bezalakoa, baizik eta migrazio desberdinak eman zirela, eta, gainera, migrazio bakoitzaren eragina desberdina izan zela eskualde desberdinetan. Adibidez, Europaren erdialdean, nekazariak heldu zirenean, bertako ehiztariak ordezkatu egin zituzten, baina, aldiz, Europaren mendebaldean, bertako ehiztariekin nahastu egin ziren, ondorengoetan ehiztari horien aldaki genetikoak ere ikusten direlako.  Eta, adibidez, Europaren iparraldean aurkituko duguna izango da bertako baldintzak desegokiak direla nekazaritzarako, eta, orduan, ehiztariak eta nekazariak talde independenteetan bizi izan ziren, nahastu gabe baina garaikideak izanda.

Zer esan digu antzinako DNAk giza espezie ezberdinen harremanez?

Antzinako DNA erabili izan da giza espezie desberdinen harremanak finkatzeko edo berreraikitzeko orduan. Hain zuzen ere, neandertal eta gizaki modernoaren artean eman diren harreman filogenetikoak. Orduan, kasu honetan, lortu izan da neandertalen genoma nuklearra, eta genoma nuklear hau konparatu izan da gizaki moderno desberdinen genomarekin; eta ikusi izan da europarrek eta asiarrek  neandertalarekin euren genomaren %4a amankomunean daukatela. Orduan, horrek planteatzen diguna da gizaki modernoa neandertalekin gurutzatu zela Ekialde Hurbilean, justu gizaki modernoa Afrikan sortu eta Afrika utzi zuenean Europa eta Asia kolonizatzeko momentuan.

 

Neskuts Izagirre EHUko Antropologia irakasleari elkarrizketa

Zientzia Kaiera (Zientzialari 35)

http://zientziakaiera.eus/2015/09/11/zientzialari-35-neskuts-izagirre/