Testu-ereduak C2 Idazmena: Literatura unibertsala euskaraz

Argitaratua: astelehena, 13 otsaila 2017, 1:04
idazmena c2
  • Atala:
  • Jakintza arloa:
  • Trebetasunak:
  • Level:
  • Curriculum-arloak:
    • Langaiak: Testu-ereduak
  • Bisitak: 239
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Ekintza komunikatiboa: Literatura Unibertsalaren Katalogoari hitzaurrea egitea, irakurlea konbentzitze aldera itzulpengintzak euskal literaturaren bilakaeran daukan garrantziaz.

Literatura unibertsala euskaraz

 

Duela bi mila urte-edo, erromatar askok pentsatzen zuten latinez ezin zitekeela taxuzko literaturarik idatzi. Idazle eta irakurle finek grekoz jardun behar zuten. Hizkuntza

horretantxe idatzi zituen bere Gogoetak Marko Aurelio enperadoreak eta ahoskatu

bere azken hitzak Julio Zesarrek. Moda grekozaleegi hori bukatu egin zen, eta, orduz geroztik, idazle latindarrei grekoei bezain klasiko deritzegu.

 

Duela mila eta berrehun urte-edo, Karlomagno enperadorea trufatu egiten zen sortzen ari zen mordoilo erromaniko batez. Berehala “frantsesa” hartuko zuen izena dialekto bitxi horrek. Garai hartan, askok pentsatzen zuten frantsesez ezin zitekeela taxuzko literaturarik idatzi. Idazle eta irakurle finek latinez jardun behar zuten. Moda latinzaleegi hori bukatu egin zen, eta, orduz geroztik, idazle frantsesei latindarrei bezain klasiko deritzegu.

 

Duela berrehun urte-edo, Bartolomé José Gallardo eruditu espainola lotsa zen gaztelaniaz idazteaz, pentsatzen baitzuen hizkuntza horretan ezin zitekeela taxuzko literaturarik idatzi. Idazle eta irakurle finek frantsesez jardun behar zuten. Moda frantseszaleegi hori bukatu egin zen, eta, orduz geroztik, idazle espainolei frantsesei bezain klasiko deritzegu.

 

Literatura ororen loraldia, noski, ez zen etorri berez bat-batean, besteei begiratuz eta besteengandik ikasiz baizik, hizkuntza ustez hobe eta aberatsetan idatzitakoan oinarriturik hizkuntza landugabe eta larrekoaren mugak zabalduz, noranahiko bihurtzeko.

 

Literatura ororen loraldiaren aurkian idazle eta idazlan handiak ager daitezen, ezinbestekoak dira ifrentzuan itzultzaile eta itzulpen handiak; itzulpena ez baita hizkuntza baten biziberritzean badaezpadako makulu baldarra, emagin eta inude baizik. Itzulpena ekarle da, hizkuntza orotako ekoizpen baliotsuenak dakarzkiguna; eta eramaile, gure literaturarik onenaren berri ere beste hizkuntza ororen plazara daramana.

 

Gaur egun, askok pentsatzen dute euskaraz ezin daitekeela taxuzko literaturarik idatzi. Idazle eta irakurle finek gaztelaniaz jardun behar lukete. Moda gaztelaniazaleegi hori bukatu egingo

da, eta, laster, idazle euskaldunei gaztelauei bezain klasiko iritziko diegu.

 

Hizkuntzak oro, euskaraz.

Literatura Unibertsalaren Katalogoa

Lurdes Auzmendiren hitzaurrea

(Moldatua)