Testu-ereduak C2 Irakurmena: Finantza produktuetarako arrisku-semaforoa

Argitaratua: ostirala, 30 iraila 2016, 10:20
irakurmena c2

Ekintza komunikatiboa: Aldizkari espezializatu batean, kontsumitzailea ohartarazteko asmoz ematen diren azalpenak ulertzea.

Finantza produktuetarako arrisku-semaforoa

Inbertitzaileek hainbat adierazleren bitartez bereizi ahal izango dute finantza-produktuen arrisku-maila.

Joan den urteko azaroan argitaratu zen ECC/2316/2015 Agindua, azaroaren 4koa, finantza-produktuen gaineko informazioa emateko betebeharrei eta produktu horiek sailkatzeari buruzkoa. Agindu horrek Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV) bultzatutako aurretiko proiektuan du sorburua. Arau hori indarrean jarri ondoren, banku-erakundeek edo aseguru-enpresek hiru hilabeteko epea dute finantza-produktuen arrisku-maila adieraziko duen semaforo bat ezartzeko.

Helburua zera da: 6 koloreko (berde ilunetik hasita, gorriraino) eta 6 zenbakiko (1etik 6ra) eskala baten bitartez, dauden arrisku-kategoriak erakustea, inbertitzaileek kontratatu nahi dituzten zerbitzuak segurtasun handiagoz erabaki ahal izateko. Finantza-erakundeek informazio hori eman beharko dute banku-produktuak, aurrezteko helburua duten seguruak, bonuak, akzioak edo pentsio-funts banakoak eta elkartuak saldu aurretik. Modu horretan, bere premietara eta aurrezteko eta inbertitzeko lehentasunetara hobekien egokitzen diren finantza-produktuak aukeratu ahal izango ditu kontsumitzaileak.

Agindu horretan, hainbat salbuespen ezartzen dira; esate baterako, aseguruak eta pentsio-funts kolektiboak ohartarazpen horretatik kanpo daude.

Sei arrisku-maila

Semaforoarekin batera, arrisku-maila adieraziko duen zenbaki bat azalduko da, eta, beharrezkoa izanez gero, produktuaren likideziari eta konplexutasunari buruzko alerta batzuk azalduko dira. Alerta horiekin batera, giltzarrapo baten edo biren irudia azalduko da likideziaren kasuan, eta bi harridura-marka konplexutasunarenean.

Gainera, erakundeek, kasu bakoitzean, zer aukera dauden adierazi beharko dute. Koloreak eta/edo zenbakiak honela banatzen dira, arrisku txikienetik handieneraino:

Berde iluna (1 zenbakia): Banku-gordailuak eta aurrezteko helburua duten aseguruak.

Berde argia (2 zenbakia): Kapitalaren %100a bermatua duten finantza-tresnak, hiru urteko edo gutxiagoko epea eta BBB+ edo goragoko kreditu-sailkapena dutenak.

Horia (3 zenbakia): %100a itzultzeko konpromisoa dutenak, hiru urtetik bost urtera bitarteko epea eta BBB- edo BBB kreditu-sailkapena dutenak.

Hori iluna (4 zenbakia): %100a itzultzeko konpromisoa dutenak, bost urtetik hamar urtera bitarteko epea eta BBB- edo BBB kreditu-sailkapena dutenak.

Laranja (5 zenbakia): %100a itzultzeko konpromisoa dutenak, hamar urtetik gorako epea dutenak edo gutxienez kapitalaren %90 bermatzen dutenak.

Gorria (6 zenbakia): Gainerako finantza-produktuak.

kontsumoBIDE aldizkaria (25.zk/15. or.)

(Moldatua)