Testu-ereduak C2 Idazmena: Hitzaurrea

Argitaratua: asteazkena, 13 uztaila 2016, 1:30
idazmena c2
  • Atala:
  • Jakintza arloa:
  • Trebetasunak:
  • Level:
  • Curriculum-arloak:
    • Langaiak: Testu-ereduak
  • Bisitak: 343
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Ekintza komunikatiboa: Bere arloko azterlan baten argitalpenari hitzaurrea idaztea.

Hitzaurrea

“Literatura unibertsala” hautazko irakasgairako prestatu dugun liburu honek hiru helburu nagusi bete nahi ditu: literatura unibertsalaren bilakaera oparo eta ulergarria eskaintzea; literatura-mugimendu horiek ondo aukeratutako testu-antologia egoki eta atseginez hornitzea; eta testu-antologia horretaz baliatzeko galdera, iradokizun eta jarduera didaktiko ugari proposatzea.

 

Horregatik guztiagatik, tresna lagungarria izan nahiko luke liburu honek. Literatura unibertsalaren nondik norakoak azaldu behar dituen irakasleari erabilgarria suertatuko zaiona, eta, era berean, ikasle gazteak ulertu eta irakurtzera bultzatuko dituena. Hori horrela, eta, literaturaren irakaskuntzan gaur egun indarrean dagoen metodologia geure eginez, egile eta lanen aipamenei diziplinartekotasuna bilatu nahi duten proposamenak erantsi dizkiegu. Dela filmei erreferentziak eginez, dela musikari, margolari edo euskal literaturari berari bide emanez, euskarazko literatura unibertsala geure-geurea dugula iradoki nahiko genizueke.

 

Beraz, liburuaren oinarrian bi asmo biltzen direla esango genuke: literaturaren ikuspegi sendoa eskaintzea, hau da, literatura dokumentu kultural eta historikotzat hartzen duena, eta, aldi berean, irakurzaletasuna sustatzeko ahalegin atsegina gertatzea. Bi alderdiok ondo ezkontzen dira liburuan, eta erraz asmatuko du irakasleak une bakoitzean komeni diren baliabide eta iradokizunak proposatzen: testu hau aukeratu eta beste hura ez, jarduera didaktiko honek ikasleak beste hark baino ziurrago akuilatuko dituela ikusi, honako testu edo erreferentzia-gunea gertuago legokeela ikasleen igurikimen-mundutik, eta abar.

 

Bihoakizu, beraz, liburu antzera luzatzen dizugun irakurketa-proposamen hau. Seguru gaude zuk ere aurkituko dituzula hasieratik liluratuko zaituzten idazle eta itzultzaileak.

 

Aldekoa, Iñaki eta Olaziregi, Mari Jose

Literatura Unibertsala (Batxillergoa 2) ikasliburua

(moldatua)