Testu-eredua C2 Entzumena: Hegazkin-konpainiak

Argitaratua: asteazkena, 13 uztaila 2016, 11:59
entzumena c2

Ekintza komunikatiboa: Komunikabideetan egindako edozein gogoeta ulertzea, hizlariaren umorea eta sarkasmoa antzemanez. Esamolde idiomatikoak ere ulertzea eta konnotazio-esanahiez ere jabetzea.

Gogora datozkit hamaika hegazkin-konpainia, hamaika kanpaina, hegaldi merkeen marka daramatenak: low cost, jetcost, cost eta kosk gure diruari. Zenbat enpresa eta presa, zenbat airwear eta airline, izenak ez ditut esango orain. Segi Bilbo, Suitza, Ibiza, Niza, Gasteiz, Madril, Biarritz, Paris, segi hegan, sarasuatarrek fauna txikian dioten moduan, ipar-haizea ez da nekatzen, hegoak nekatzen dira. Segi Hondarribia, Frantzia, Grezia, Kroazia, Galizia... eta hortik dator notizia.

 

Hegaldiak, merketzen bezala, garestitzen ere badakite. Santiagoko tren-istripua gertatu berritan, hegaldien prezioak igo zituzten. Galizian sartzeko edo irteteko, edo probintziatik probintziara ibiltzeko. Hildakoen senide eta lagunek derrigorrez egin beharreko bidaiak garestitu zituzten. Samina puzten, poltsikoak husten. Gorpuak trenbidean eta hegazkin-putreak airean, txanponak zurrupatzen. Gizartearen premia, premio. Trenbideko gorpuak, negozio bihurtuak. Trenbideko hilotzak, putreen bildotsak. Eta jarraitzen dute zurrupatuz gure odola, oraingoan tartean kirola, zehatzago esanda, futbola. Champions-eko zozketa egin zenean, Realaren Europako aurkarien berri izan bezain pronto, gu berriz tonto, eta hegazkinentzat tanto. Zozketari esker, garesti Manchester. Reala-Leverkusen eta hegazkina garestitu zen. Eta Euskal Herria-Shaktar, prezioak dar-dar.

 

Atzo, Ukrainiatik Donostiara hegazkinez etorri zirenei Realak ez, baina putre batek sartu zien gola.

 

Sukia, Xabier

Euskadi Irratia: Mezularia irratsaioa (2013-09-19)