Testu-eredua C2 Entzumena: Euskara batua eta herri-hizkerak

Argitaratua: ostirala, 20 maiatza 2016, 8:42
entzumena c2

Ekintza komunikatiboa: Mahai-inguru edo eztabaida bizi batean, moderatzailearen galderei erantzunez aditu batek tokiko hizkeran ematen dituen argudioak ulertzea.

Moderatzailea: Beno, arratsalde on denoi; eskerrik asko etortzeagatik. Urtero bezala, Maxixatzen-ek, aurten ere, kulturaren jiran, ekitaldi-sorta ederra antolatu du, eta gaurkoa da horietako bat. Euskara batua eta herri-hizkerak gai hartuta, Juan Luis Zabala eta Iñaki Segurola gonbidatu ditu Maxixatzen-ek, eta hemen daude biak, zintzo-zintzo, hutsik egin gabe, solasaldi / mahai-inguru honi ekiteko prest.

 

Baina gaurko hitzaldia kokatze aldera, askok jakingo duzue, seguruenera, honek baduela atzetik bere istorio txikia. 31 eskutik blogean, Zabalak idatzitako “Batutik ihesi” artikulutik dator hau guztia. Euskara batuaren eta herri-hizkeraren inguruan gogoeta mamitsua plazaratu zuen azkoitiarrak, eta berehala etorri zen Segurolaren erantzuna. Hortxe piztu zen eztabaida bizi-bizia, sano-sanoa ere bai, eta berotasun hori aprobetxatu du Maxixatzen-ek gaurko hau antolatzeko.

 

Esan bezala, gaurkoan, euskara batua eta herri-hizkeren inguruan arituko dira. Gidoi handirik ez dute behar, baina, beno, pare bat hiru bat galdera prestatu ditugu abiapuntua emateko saioari, eta, beno, eurek markatuko digute erritmoa; eta zuek ere, edozein mementotan, parte hartu nahi baduzue, hitza eskatzea libre duzue. Bada, beno, lehenengo galdera: Batutik ihes egiteko joera al dago? Euskara batua arrotz al zaigu? Zergatik?

 

Iñaki Segurola: Beno, “Batutik ihesi” zen Juan Luisek idatzi zuen artikulua, delako “31 eskutik” blog horretan, eta niri titulua oso esanguratsua egiten zait. Klaro, nonbaitetik ihesi baldin bagabiltza da toki hori delako berez egon behar genukeen toki naturala, ezta? Orduan, ihes egiten dugu, bada, egon behar dugun toki natural batetik egiten dugu ihes; eta toki hori batua da.

 

Beno, bada, hasteko, gogorrean nahi baldin baduk hasteko, hori ez da hala guretzat. Gauza garbia da, hori guretzat ez dela, batua ez dela guretzat egoteko, hitz egiteko eta bizitzeko toki naturala; eta orduan niri gogorra egiten zait, nire belarriari gogorra egiten zaio esatea toki ez-natural batetik ihesi gabiltzala. Niretzat, berdin-berdin esan liteke ihesi gabiltzala gure herriko euskaratik edo zeratik, baina, batutik ihesi ibiltze hori, horrek nire ustez esan nahi du batua dela gure egoteko toki, gure hitz egiteko gauza naturala, normala, markatua, besterik gabekoa. Eta, klaro, guretzat ez da hala. Guretzat zer da? Bada, euskara oraindik bizi den tokietan, bada, batua ez da gure ahorako egiten den gauza natural bat, eta ez du kontsegitu, ez du lortu izaterik, eta nik ez dut uste sekula lortuko duenik. Zergatik?

 

Bada, hizkuntza bakoitzak bere pelikula daukalako. Erdarak, gaztelaniak lortu du nolabaiteko batasun bat, eta, era batera edo bestera, batasun moduko bat; erdara batu ofizial hori erdi naturala egitea jendeari, gutxi gorabehera. Frantsesak ere bai. Baina euskararen pelikula ez da hori, baina Italianoarena ere ez da hori, eta, alemanarena ere, ez da hori. Eta ebraierarena ere, ez da hori. Eta jendea, gainera, ihesi dabil; eta idazten duen jendea ihesi dabil italiera batutik. Beno, hemen istorioa oso teknikoa izan liteke eta asko luzatu liteke…

 

Nolabaiteko aspermen bat bezala dago, eta nik uste hori naturala dela, ezta? Batek hizkuntza bat hitz egiten baldin badu eta bere inguruan hizkuntza bizi badu, bada, belarriz eta bihotzez, batu estandar hizkuntza ofizial hori, bada, azken batean, zer da? Dialekto artifizial bat. Eta horra jotzen dugu, bada, jo behar denean, baina, horren azpitik, bizirik dago beste zerbait. Euskararen kasuan, hala da; euskara bizi den tokietan, hala da. Eta igual erdaraz eta frantsesez, gaztelaniaz eta frantsesez, ez da hainbeste, baina euskararen kasuan uste dut hala dela; orduan, gu ez goaz… ez gabiltza hortik ihesi, hor gaude.

 

 

“Euskara batua eta herri-hizkerak” mahai-ingurua

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatua (2015-11-01)

Erabilerarako baldintzak

Eduki honek Creative Commons Aitortu-Partekatu baimena du. Lizentzia librearekin banatzen da, cc-by-sa lizentziapean. Material hau berrargitaratu, kopiatu, erreproduzitu eta banatzea zilegi egiten du; baita eratorritako obrak sortu eta helburu komertzialetarako erabiltzea ere. Egiletza aipatzea beharrezkoa da eta baldintza berean banatu behar da (Aitortu-Partekatu baimenarekin).