Testu-eredua C2 Entzumena: Oinarrizko fisika

Argitaratua: asteazkena, 13 urtarrila 2016, 3:50
entzumena c2

Ekintza komunikatiboa: Aditu batek, terminologia espezializatua erabiliz, emandako azalpena ulertzea.

Oinarrizko fisika


 Jarraian, Kristina Zuzaren azalpena, oinarrizko fisikaren inguruan:

Aurreko atalean ikusi genuen moduan, hiru energia-mota bakarrik ezagutzen ditugu: zinetikoa, potentziala eta irradiatze-energia. Hala ere, anitzak dira energia-iturriak, eta baita iturri hauetan pilatuta dagoen energia eraldatzeko moduak ere. Eraldaketa horien bitartez, eguneroko bizitzan behar ditugun aplikazio teknologikoetarako forma egokia ematen saiatzen gara energiari. Horri erreparatuz, etxeetan ditugun aparailu gehienek behar dutena da zirkuitu elektrikoetan elektroiak abiadura jakin batekin mugitzea. Alegia, elektroiek energia zinetikoa izatea edo, beste era batera esanda, elektrizitatea.

Elektrizitatea iturri desberdinetatik sortzen dela ezaguna zaigu, etengabe ari gara entzuten eta irakurtzen iturri hauetariko batzuk berriztagarriak direla, eta, beste batzuk, ez-berriztagarriak; eta, nola ez, ingurugiroarentzat batzuk besteak baino hobeak direla, eta abar luze bat. Badira energia berdea saltzen diguten konpainia elektrikoak ere; baina zer dago benetan elektrizitatea sortzeko prozesu horren atzean? Zertan desberdintzen da prozesu bat eta bestea? Non eta nola pilatzen da elektrizitate hori? Eta, nola bereizten du konpainia elektriko batek iturri berriztagarrietatik datorren energia, iturri ez-berriztagarrietatik datorrenetik?

Ikusi dezagun, bada, nola sortzen den elektrizitatea: egun kontsumitzen dugun elektrizitatearen portzentaje handiena indukzio elektromagnetikoaren bidez sortua da; fenomeno hau esperimentalki topatu nahian aritu ziren, XIX. mendearen hasieratik, garaiko zientzialari ospetsuenak. Michael Faraday zientzialari ingelesak lortu zuen esperimentalki frogatzea, 1931. urtean. Bere aurkikuntzaren berri eman zuenean Londreseko Royal Academy-n, ondorengo galdera egin zion entzuleetariko batek: “Eta honek zertarako balio du?”. “Eta zertarako balio du ume jaioberri batek?”, izan zen bere erantzuna. “Indukzio elektromagnetiko” umea osasuntsu hazi dela esan beharrik ez dago. Zertan datza fenomenoa? Indukzio elektromagnetikoaren bitartez, elektrizitatea ekoizteko dinamo motako sorgailuak erabiltzen ditugu. Eta zer da dinamo bat? Seguru nago azken aldian izan duzula esku artean pilarik ez eta, biradera bat duten eskuzko linterna txiki horietako bat. Bada, elektrizitatea sortzeko prozesua linternan gertatzen denaren berdina da: berdin da haizeak edo urak mugitzen duen errota izan, edo erre den ikatzak edo fisionatu den uranio-atomo batetik askatu den beroak sortu duen baporeak mugitu duen sorgailua izan.

Azken finean, iman bat eta harilkatutako kobrezko espira batzuen arteko mugimendu erlatiboa lortu behar dugu elektrizitatea sortzeko; beraz, lasai asko esan genezake konpainia elektrikoek elektrizitatea ekoizteko prozesu bat eta bakarra erabiltzen dutela, modulu fotoboltaikoetan sortzen dena izan ezik. Hala ere, gogoan izan behar dugu iturriak eta eraldaketa-prozesuan sortuko diren ondorioak guztiz desberdinak izan daitezkeela. Nola eta non pilatzen da elektrizitatea? Bada, honi buruz, hurrengo tartean arituko gara.

Zuza, Kristina

Euskadi Irratia: Ekosfera irratsaioa (2014-10-27)