Testu-eredua C2 Entzumena: Hizkuntz ekologia

Argitaratua: astelehena, 16 maiatza 2016, 12:37
entzumena c2

Ekintza komunikatiboa: Bere espezialitateko gai abstraktu eta konplexu bati buruzko diskurtsoa ulertzea.

Kazetaria: Zer da hizkuntza ekologia, Jon? Zer dago horren atzean?

Jon Sarasua: Beno, hasteko, horren atzean dagoena da ekologia, ezta? Ekologia ez da landareentzako gauza bat. Ekologia da, azkenean, balore-multzo bat edo etika bat, gauzei begiratzeko modu bat. Berdin da landareei, harriei edo hizkuntzei buruz ari garen. Errealitatearen aurrean kokatzeko modu bat da. Nolabait, kokatzea erreberentzia batekin, ez, existitzen denaren aurreko errespetu eta erreberentzia batekin, eta, gero, hori zaintzeko hautu batekin, ez. Baina ez hori bakarrik. Ekologia da balore-multzo eta etika hori eta horretatik sortzen den jakintza bat, logos ez, logia bat. Jakintza bat ekosistemei buruz, habitatei buruz… hain zuzen ere, galdera baldin bada zaindu nahi dugula, abiapuntua baldin bada zaindu nahi dugula existitzen den aniztasun hori, bigarren galdera da: nola zain dezakegu? Ulertu egin beharko dugu zaintzen.

Ekologia, bai natura edo biologiari lotuta, edo, bai hizkuntzari lotuta, logosa sortzen hasten denean, hau da, jakintza sortzen hasten denean, jakintza horrek deskribatzen ditu habitatak eta planteatzen ditu legeak edo planteatzen ditu zein diren bizi-kondizioak, zein diren minimoak, zein diren jarraitu beharreko politikak. Eta ekologiak edo hizkuntz ekologiak hori egiten duenean, politikoki molestoa bihurtzen hasten da; azkenean hizkuntza gure polisaren (politika, modu zabalean ulertuta) korapiloetako bat da. Eta, beraz, gai politikoa da, zentzurik zabalenean. Ez zentzu alderdikoian; hain zuzen ere, nire mezua litzateke bloke politikoen lehia alderdikoitik beste plano batean daudela hizkuntzaren hainbat gai.

Ikusi behar dugu hizkuntzari lotutako errealitate sozial nagusia hiztun-komunitatea dela. Eta hiztun-komunitatea ez da lurralde bateko komunitate politikoaren gauza bera. Orduan, nolabait, alderdi-jokoari lurralde bateko komunitate-jokoa dagokio, eta hiztun-komunitatea beste plano bat da. Lotuta daude, eta ezin du hortik askatu, baina hiztun-komunitatea beste plano bat da. Hiztun-komunitatean dago Ipar Ameriketan errepublikanoei bozkatzen dien bertsolari-artzain eskuindarra, eta Baztango UPNkoa, eta zu, eta ni, eta, nolabait, planteamendu eta bizipen politiko ezberdinak ditugun pertsonak. Orduan, gauza bat da hizkuntza-komunitatearen politika; eta hizkuntza-komunitateak ere baditu bere politikak, bere estrategiak: azken 50 urteetan egin dugu corpusaren estrategia, hizkuntzaren estandarizazioarena, hezkuntza-estrategia bat, hedabide-estrategia bat, kultur sorkuntza estrategia bat, hiztun-komunitatearen barne-erakundetze estrategia bat… Orduan, hor daude geruza desberdinak. Horrek ez du esan nahi gizarte-politika edo, nolabait, estatu-politikan ere hiztun-komunitatetik ez dugunik zer esanik, eta hori ere ez denik pertinentea horretan ere gauzak planteatzeko.

Kazetaria: Eta Jon, munduan, hainbat espeziek moduan, hainbat hizkuntzak, elkarrekin harremanetan-edo, bizirauteko ahalegin hori egiten dabe. Nola egin hori hain maila desberdineko hizkuntzak oreka batean bizitzeko?

Jon Sarasua: Momentu honetan ikusten ari garena damunduko hizkuntza etakultura-dibertsitatearen zati handi bat, handiena seguru asko eta dibertsoena eta zabalena, desagertzeko zorian dagoela, eta, momentu honetan,  oso hegemonia-borroka konplexuak kokatzen direla hor, ezta? Orduan, hizkuntza-ekologiak egiten dio horri begiratu bat. Zentzu horretan, kokatzeko modua da esatea “gu ez gaude euskararen alde edo kitxuaren alde euskararen eta kitxuaren fanatikoak garelako, baizik eta, baita ere, gaztelera estimazioan daukagulako; edo ingelesa, ezta? Baina, beno, kontua da hizkuntza bakoitzaren habitata eta hizkuntza bakoitzaren ekosistema aurrera ateratzeko zein izan behar duten hizkuntzen arteko harremanak eta hizkuntza-komunitateen eta bakoitzaren espazioen eta funtzioen arteko harremanak.

Seguru asko, gure hurrengo estrategia hegemonia-guneak edo hizkuntzaren dentsitate-guneak sortzean datza, hurrengo belaunaldietan lurralde-hegemonia funtzio batzuk planteatu ahal izateko, eta abar. Hizkuntza bakoitzak bere bidea darama, eta horretan polita da, baita ere, hizkuntza batzuk egindako bideak besteoi ere balio digula.

Sarasua, Jon

Ekogune (3. saioa), Debagoiena Telebista

Youtube (2013-10-09)

https://www.youtube.com/watch?v=zaCDn9vBJvg