Testu-eredua C2 Entzumena: 50eko hamarkada politikan

Argitaratua: astelehena, 2017(e)ko otsailaren 13(e)an, 13:56(e)an
entzumena c2

Ekintza komunikatiboa: Mahai-inguru batean, garai politiko jakin baten inguruan, aditu batek ematen dituen azalpenak ulertzea. 

50eko hamarkada politikan

 

 

Moderatzailea: Eta orain, berriz, Mikel Aramendik: “Gerra hotzaren gorian mundu garaikidea finkatu zuen hamarkada”.

 

Mikel Aramendi: Hamarkadaren historia gerra hotzaren historia da, eta gerra hotzak, bada, bueno, bi bloke ditu, nagusiki: bloke horietako baten buru EEBBak ziren. Hamarkadaren ia gehien-gehientsuena Eisenhower lehendakariaren pean pasatu zuen — Eisenhower militarra zen lanbidez — , eta, bueno, esan beharko da, beharbada, beste lehendakari zibil batzuk baino jarrera ezkorragoa eduki zuela bere lankide ohiekiko, hau da, militarrekiko. Edonola ere, Eisenhowerren pean, oso pertsonaia garrantzitsuak izan ziren Foster Douglas eta Alex Douglas anaiak — bata estatu idazkaria bestea CIAko burua izan ziren —, eta, hein handi batean, administrazio hark munduan zehar erabili zuen politika, aliantza-politika batez ere, bada, bi pertsonaia horien menpekoa izan zen, ez? Dudarik gabe, Douglas anaiak Espainiarekiko harremanen erantzule ia zuzenak izan ziren, Bernard Walters-en bitartez. E, guzti hori 59an Eisenhower Madrilera etorri eta Franco besarkatu zuenean, nolabait, koroatu zen, baina hamarkada guztian garatu zen estrategia bat izan zen. Ez zen, inolaz ere, Espainiarekiko estrategia bakarrik izan, Portugalekin hiru laurden gertatu zen. Eta munduan zehar geratzen ziren hainbat diktadura edo faxismo-itxurako erregimenekin antzeko zerbait gertatu zen. Turkia aipatu dezakegu, baina baita ere munduko beste punta batzuetan gertatu ziren hainbat gorabehera.

 

Aurrean, bueno, bloke sobietarra, nolabait ere, identitate- edo nortasun-problema batean aurkitu zen hamarkada horren hasieratik ia. Izan ere, Stalinen desagerpenak blokearentzat arazo handi bat suposatu zuen; batez ere, erreferentzialtasun-arazo bat esan beharko litzateke, ez? Stalinek zuen, nolabait, ahalguztidunezko aginte hura-edo desagertu zenetik. Alde batetik, horrek sobietar zuzendaritzan bertan barne-krisi bat sorrarazi zuen; krisi hori bizpahiru urteren buruan, bueno, kitatu zen Khrustxev-en garaipenarekin, baina garaipen horrek ia automatikoki ekarri zuen desestalinizazioaren hasiera, XX. kongresuan hasi zena, eta desestalinizazioarekin sortu zen, nolabait, bueno, bada, aliatuekiko harremanen arazoa. Harreman horren agerkaririk handienetako bat oraintxe 50 urte bete dituen Hungariako matxinada edo erreboltarena izan zen. Dakizuenez, altxamendu bat izan zen sobietarren aurka eta sobietarren aliatu hurbilenak ziren Mátyás Rákosi eta abarren aurka, eta hura, azkenean, sobietar tankeen katea pean amaitu zen.

 

 

 

 

 

Egun haietan bertan, hala eta guztiz ere, gogoratu behar da, bueno, beste gertakari oso garrantzitsu bat izan zela, eta zen Suezeko krisia. Suezeko krisia, hain zuzen ere, sortzen zen Nasser-ek kanala nazionalizatu zuen mementotik, eta nazionalizazio horrek Europako bi potentzia nagusientzat, Frantziarentzat eta Erresuma Batuarentzat, suposatzen zuenagatik,

zeren eta Asiarekiko eta Afrikarekiko hainbat koloniekiko gorabehera oso latzak eta petrolioaren komertziorako oso problema latzak sortzen zizkien. Erresuma Batuak eta Frantziak ez zuten nazionalizazio hura onartu, eta, Israelekin elkarlanean, Egiptori eta Nasserri eraso zioten, eta militarki berehalaxe menderatu zuten. Orain, menderakuntza militar hori ezin izan zuten garaipen politiko bihurtu, hain zuzen ere, bi superpotentziak ez zutelako onartu egoera hura, eta tropa erasotzaileen erretirada, bada, behartu zutelako. Hura hartan amaitu zen, baina garbi geratu zen, harrezkeroztik, ia mundu berri horren, hau da, hamarkadan eratzen joan zen mundu berri horren, e, bada, ez dakit, sabel astuna non egongo zen.  

 

“Politika, 50eko hamarkada Euskal Herrian” mahai-ingurua

Gerra Hotzaren gorian: mundu garaikidea finkatu zuen hamarkada (Aramendi, Mikel)