Testu-eredua C2 Entzumena: Beldurraz

Argitaratua: ostirala, 2016(e)ko irailaren 30(e)an, 09:40(e)an
entzumena c2

Ekintza komunikatiboa: Aditu batek, ahots ezberdinak baliatuz eta hausnarrarazteko asmoz, gai abstraktu bati buruz komunikabideetan emandako iritzi kritikoa ulertzea. 

Beldurraz

 

Arimen Gaua izan da pasa berri dugun larunbatekoa, eta beldurraren mundu bihurtu dira munduko kale ilunak. Parranda eta gau-pasaren sarraskien ondorioak, ordea, oraindik nabariak dira hiri erdian ere. Mozorro ikusgarri eta beldurgarriena binaka jarrita idi-txuletaz, urdaiazpikoz eta saltxitxaz mozorrotuta espaloian zehar ausartu diren gazteena iruditu zait.

Osasunaren Munduko Erakundeak jakinarazi digunaren ostean, ez dago esan beharrik irratirako bidea izu-ikara gorrian egin dudala. Ahoan bizarrik gabe mintzo zen Bukowski poetak, hain zuzen ere, beldurraren gizarteaz, zer zetorkigun ikusirik, errealitatea erakusteko honako bertso adierazkor hauek idatzi zituen: “Danteren infernuak jolasparkearen antza izango du; Eguzkia ez da ikusiko, eta beti izango da gaua”. Gaua luzatzen doa, zalantzarik ez da. Shock doktrina esaten dio Naomi Klein idazleak izen bereko liburuan; alegia, merkatu hutsaren legez, babes guztien ezabatzeaz, izu-ikararen laguntzaz, gau beldurgarria XXI. mendeko gizartearen zutabe nagusietaraino luzatzea.

Eta bai, azken urteetan beldurra produkturik salduena dela esan daiteke. Ilea lazterainoko beldurra, oilo-ipurdia jartzerainoko izua. Inposatu egin digute beldurra, eta mozorrorik gabe. Galderak egiteari, gogoratzeari, itxaropentsu izate hutsari, jakiteari berari beldurra diogu, eta beldur horrek jakineza pizten du eta dagoena handitu. Beldurgarria da orokorrean dugun ezjakintasuna. Pitagorasen hitzak profetikoak izan ziren: “Heriotza zer den galdetzen badizuete, honakoa erantzun ezazue: benetako heriotza ezjakintasuna da”. Zenbat hildako, bizien artean!

 

Padrón, Jose Luis

Euskadi Irratia: Sinadura (2015-11-01)