Testu-eredua. C1 Irakurmena: Galdera

Argitaratua: asteazkena, 13 urtarrila 2016, 3:50
irakurmena c1
Ekintza komunikatiboa: Aldizkari bateko iritzi-artikulu bat ulertzea, gaia orokorra bada.

Galdera


Galdera argia da: “Estatu independente gisa eratzea onartzen duzu?”. Ez da euskal mendebaldarroi egindako itauna, bistan da. Baina Eskozian ez dute zortzi lerroko galderarik erabiltzen, denek argi dutena esateko. Independentziak zenbat jarraitzaile eta zenbat aurkari dituen da gakoa, ez besterik. Eta ez dut zalantzarik zer-nolako trauma litzatekeen Londresen Eskozia bereiztea. Irlandako batasuna Londresen eragin handirik gabe gerta liteke, baina zer Erresuma Batu osatu Ingalaterra ia bakarrik geratzen delarik (barkatu galestarrok)?

Oso leku gutxitan daude Europan antzeko gatazkan: Erresuma Batuan, Belgikan eta Espainian. Mendebaldeko gainontzeko herrialdeetan (Alemania, Eskandinavia…), edo oso gutxi dira nazio txikiak edo, herri gutxitu asko izan arren, auziak oso atzean daude agenda politikoan (Frantzia, Italia…). Ekialdeko herrialde gehienek ere badituzte gutxiengoak baina aldameneko estatuan nagusi izanik; muga-aldaketa erabat tabua da, dozena-erdi estatutan bizi diren hungariarrentzat, adibidez.

Sinesgaitza da britainiarren jarrera, polemika, zarata eta eztabaidatik ahalik urrunen dauden tesietan dauden gatazka iberikoen aldean. Eskoziako independentistek Katalunian edo EAEko Legebiltzarrean abertzaleek baino askoz botoportzentaje txikiagoa izanik, ez dute ezkutatzen zein helburu duten. Eta oinarri demokratikoa inork ez du zalantzan jartzen; gehiengoak gura duena beteko da. Jendea limurtu eta independentziara erakarriz gero, bikain; eta, osterantzean, lanean jarraitu (ez, ordea, Galizian edo Nafarroan bezala perfil abertzalea jaisten). Aurkariek, laboristak nahiz kontserbadoreak, beste horrenbeste. Independentistak deabrutu beharrean, estatu bakarrean batuta jarraitzea mila aldiz komenigarriagoa dela aldarrikatzen. Independentziak ekar ditzakeen galerez berbetan, noski; beldurraren estrategia da beti independentziaren aurkako arma eraginkorrena. Askatasunak beti dakarren beldurra da, batzuentzat zirrara dena izua da besteentzat. Baina hala behar du eztabaidak.

Gurean, berriz, tankeen mehatxua modan ez dagoenez, bide hobea aurkitu dute: epaitegiak hiru botereetatik bat izanik, demokrazia zuzenaren muga demokratiko bihurtzen dira. Eskozian parametro argietan daukate eztabaida: independentzia gura duzu ala ez duzu gura. Hemen, zarata da nagusi. Diskurtso zirkularrak eta indefinizioa gailentzen dira, eta alderdi abertzaleek ataka gaindiezina daukate urruneko asmo ederren eta berehalako politiken artean. Eta, beti, txikira jokatzen, bistan da.

Urtzi Urrutikoetxea

Argia (2008-06-15)

(Moldatua)

Erabilerarako baldintzak
Eduki honek Creative Commons Aitortu-Partekatu baimena du. Lizentzia librearekin banatzen da, cc-by-sa lizentziapean. Material hau berrargitaratu, kopiatu, erreproduzitu eta banatzea zilegi egiten du; baita eratorritako obrak sortu eta helburu komertzialetarako erabiltzea ere. Egiletza aipatzea beharrezkoa da eta baldintza berean banatu behar da (Aitortu-Partekatu baimenarekin).