Testu-ereduak C1 Mintzamena: Euskadiko pentsiodunak, haserre

Argitaratua: osteguna, 19 maiatza 2016, 1:21
mintzamena c1

Ekintza komunikatiboa: Komunikabideetako elkarrizketa batean, plataforma baten izenean, arazo sozial baten gaineko azalpena eta salaketa egitea.

Euskadiko pentsiodunak, haserre


Esataria: Rajoyren gobernuak urteko azken ministro-kontseiluan hartu du iragarritako erabakia. 2016an pentsioak puntu-laurdena igotzeko Errege Dekretuaz ari naiz. Eta gaur izan da onespena, Hego Euskal Herriko Pentsionisten Eskubide Sozialen aldeko plataformak pentsiodunen erdiak miserian bizi direla salatu duen egun berean. Mikel Argiñarena da plataformako bozeramailea. Arratsalde on, Mikel.

Mikel Argiñarena: Bai. Arratsalde on zuri.

Esataria: “Pentsiodunen erdiek ez dutela 600 euroko diru-sarrerarik”, esan duzue komunikabideen aurreko agerraldian.

Mikel Argiñarena: Bai, horiek dira datuak. Oso datu kezkagarriak; baina Euskal Herrian behin eta berriz esaten bada ere batez besteko pentsioak honelakoak edo bestelakoak direla, errealitate gordina da pentsiodun erdiek 600 eurotik behera kobratzen dutela, eta, batez ere, erdi horretan, emakumeak gailentzen direla: emakumeak, bai alargun bezala kobratzen dutelako, edo bai egin duten lana, betiere, sozialki oso gaizki ordainduta egon delako. Orduan, errealitatea hori da, eta, beno, gaur jakin dugu — urtero ia ohitura bihurtzen ari da — %0,25 igoko direla gure pentsioak. Hori, nolanahi dela ere, irain bat bezala hartzen dugu; gaur egunean, izenik ez duen iraina: burla bat.

Esataria: Behin baino gehiagotan entzun izan diot jubilaturen bati edo gehiagori, bada, hauteskunde sasoian horrelako iragarpenak-eta egiten direnean: “Zer uste dute gu tontoak garela?!”

Mikel Argiñarena: Ez dakit sinesten duten tontoak garela, baina tontoak izango bagina bezala hitz egiten digute. Pasa berriak dira hauteskunde-kanpainak eta hauteskundeak, eta, behin eta berriz, lotsa ematen zuen hizkera erabili dute. Dena zen pertsonen alde lan egitea, pertsonek dute lehentasuna, zenbat bider entzun dugun hori! Baina kalera jaitsi direnean, eta, zerbait galdetu diegunean, ez dakite zer erantzun. Beraiek ez dakite zein egoera dagoen gaur herritarren artean, eta zein neurri hartzen ari diren. Horrelako pentsioak edukitzea, mantentzea, eta, urtez urte zein gastu dagoen kontuan hartu gabe, %0,25 igotzea, hori da edadeko jendeari, jubilatu jendeari, egin dakiokeen, esan dugun bezala, irainik handiena. Horrek umiliatu egiten ditu pentsiodunak, eta ez dugu ikusten, gainera, borondate politikorik egoera horri buelta emateko.

Memento honetan bertan, guk orain dela egun batzuk jaso dugu Eusko Legebiltzarrean aurkeztu genuen Herri Ekimen Legegile bat, zeinetan eskatzen genuen pentsio baxu horiek hornitzeko, konpletatzeko, 1080 eurotaraino, hori baita Europako Karta Sozialak bizimodu duinerako kalkulatzen duena, eta guk geuk, hemen, kalkulatuta geneukan kopurua. Beno, bada… horri ezezkoa eman zaio; ez dute hortaz hitz egin nahi, ez dute parlamentura puntu hori eraman nahi. Eta, hala ere, behin eta berriz esaten digute aurrekontuak-eta presentatzen dituztenean, batez ere, beren lehentasuna pertsonak direla eta gastu sozialean ez dutela inolako murrizketarik egin. Gastu soziala handitzen doa, asko gainera, eta beraiek ez dute mantendu ere egiten orain dela urte batzuk zegoen gastu soziala.

Esataria: Zuek aurreko asteazkenean kolpea hartu zenuten. Ez dakit ekimenarekin aurrera jarraitzeko asmoa daukazuen, bigarren ahalegin bat egingo duzuen edo memento honetan barruak zer eskatzen dizuen…

Mikel Argiñarena: Beno, memento honetan guk badakigukolpe bat eraman dugu ezezkoa eman zaigunean. Benetan uste genuen… zerenaurretik gu aholkatzen gintuzten legelariek esana zeukaten, bada, eskari horiek legezkoak zirela eta gure ordenamendu juridikoan bazeukatela lekua. Ezezkoa, benetan, pena handiz hartu dugu, eta ezusteko handiz. Horri laguntza eman dioten partiduek pentsatu beharko dute zer egiten ari diren. Horren aurrean guk ezin dugu, berriz ere, eskari hori egin. Ez zaigu uzten. Baina guk ez dugu eskuak tolestatuta gelditu nahi. Kalera aterako gara, eta lege horren alde eskatzen zitzaizkigun 30.000 sinadurak ez baina, askoz gehiago bilduko ditugu, eta parlamentuko mahaian utziko ditugu, jakin dezaten, behingoz, zein den herri honetako errealitatea. Eta beraiek esaten badute hori ez dela beraien eginkizuna, esango diegu ea non dagoen eginkizun hori egingo duen erakunde publikoa gure Euskal Autonomia Erkidegoan. Hori jakin nahi dugu.

Esataria: Mikel, haserre zaude.

Mikel Argiñarena: Bai, benetan nago haserre, zeren egoera hori egunero ikusten ari gara, eta penaz, penaz, Euskal Herrian, gaur, milaka pentsiodunek jasaten duten egoera ikusita.

Esataria: Bada, salaketa behintzat hementxe utzi duzue, Mezularia-n, eta estimatzen dizut, Mikel Argiñarena. Hurrengo bat arte.

Mikel Argiñarena: Bai, eskerrik asko zuri.     

Esataria: Segi ondo.

Mikel Argiñarenari elkarrizketa

Euskadi Irratia: Mezularia irratsaioa (2015-12-29)