Testu-ereduak C1 Idazmena: Erabakitze eskubidearen ariketa praktikoak hizpide

Argitaratua: asteazkena, 13 urtarrila 2016, 3:50
idazmena c1
  • Atala:
  • Jakintza arloa:
  • Trebetasunak:
  • Level:
  • Curriculum-arloak:
    • Langaiak: Testu-ereduak
  • Bisitak: 585
  • Iruzkinak: 2
  • Gogokoak: 0

Ekintza komunikatiboa: Herri-aldizkari batean, informatzeko asmoz, gai ezagun bati buruzko albistea ematea.

Erabakitze eskubidearen ariketa praktikoak hizpide


Azpeitiko Gure Esku Dago urtean zehar antolatzen ari den ekimenei jarraipena emanez, atzo, otsailak 25, hitzaldi interesgarria entzuteko aukera izan genuen San Agustin kultur gunean. Manu Gomez eta Joseba Martin aritu ziren hizketan, 'Erabakitze eskubidearen ariketa praktikoak: Etxarri Aranatz eta Arrankudiagako kontsultak' izenburupean.

"Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan?" galderari bozka bidez erantzuteko aukera izan zuten Arrankudiagako herritarrek, horretarako antolatutako herri-kontsultan. Herri-galdeketa deitzearen ideia "modu naturalean" sortu zela azaldu zigun Joseba Martin Ados plataformako kideak. Hamar urtez EAJ ordezkatuz Arrankudiaga-Zolloko alkate izandako Jose Aspiazuren laguna da Martin, eta elkarrekin Kataluniako zein Eskoziako autodeterminazio prozesuez hitz egiten ari ziren batean bururatu zitzaien kontsultaren ideia. 

Herri-kontsulta antolatzea lan handia izan arren, hasieratik ilusio berezia sortu zuela herrian esan zigun Martinek, eta jendearen inplikazioari esker prozesua ondo baino hobeto eraman ahal izan zutela aurrera. Amaitzeko, argazkibilduma polita eskaini zigun Martinek, herritarren partaidetzaren eta ilusioaren erakusgarri.

Etxarri-Aranatzen kasuan, prozesua luzeagoa izan zen, Manu Gomezen esanetan. Era berean, herri-galdeketak ikusmin handia sortu zuen Euskal Herriko zein nazioarteko medioetan. Kasu honetan, honako galdera egin zuten: "Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?". Eta, honakoa izan zen emaitza: Etxarri-Aranatzen %94 agertu ziren independentziaren alde, %42ko parte-hartzearekin.

Herri-galdeketa antolatzeko prozesuan, une oro, gardentasuna zaindu eta ideologia desberdinak alde batera uzteak duen garrantzia azpimarratu zigun Gomezek.

Zalantzarik gabe, bi esperientzia horiek adibide demokratiko ezin hobeak ditugu, Azpeitian ere, egunen batean, herritarrei hitza eman ahal izateko. Edo zuzenagoak izanda, herritarrok dagokigun hitza hartu ahal izateko!


Azpeitiko Gure Esku Dago
Uztarria.eus/Azpeitiko ataye (2015-02-26)

Erabilerarako baldintzak

Eduki honek Creative Commons Aitortu-Partekatu baimena du. Lizentzia librearekin banatzen da, cc-by-sa lizentziapean. Material hau berrargitaratu, kopiatu, erreproduzitu eta banatzea zilegi egiten du; baita eratorritako obrak sortu eta helburu komertzialetarako erabiltzea ere. Egiletza aipatzea beharrezkoa da eta baldintza berean banatu behar da (Aitortu-Partekatu baimenarekin).

Show comments
  • 20Begoña Rodriguez Azkorra - al., 6 ots 2017, 10:25
    C1 mailakoa da? Ala C2koa?
  • Picture of Hasier Agirre AranburuHasier Agirre Aranburu - ar., 7 ots 2017, 9:07
    Kaixo, Begoña. Nire ustez, argi eta garbi, C1ekoa. Jo curriculumera, eta irakurri idazmeneko ekintzetan seigarrena.

    Idazmenean, oro har, testu argi eta zehatzak idazteko gai izan behar du erabiltzaileak; baita bere ikuspuntua luze eta zabal adierazteko ere. Erabilera-esparrua ere, komunikabideetakoa, ezaguna zaio.

    Ez dut uste arlo edo espezialitate jakin batean gaituta egon behr denik artikulu hori idazteko.

    Zerbaitetarako balioko zizulakoan, segi ondo!