Testu-ereduak C1 Entzumena:Pannagh Elkarteko bost kideak, absolbituta

Argitaratua: asteazkena, 13 urtarrila 2016, 3:50
entzumena c1

Ekintza komunikatiboa: Komunikabideetan, gai orokor baten inguruan, elkarrizketatu baten azalpenak ulertzea, ideia orokorrak nahiz xehetasun eta ñabardurak jasoz.

Pannagh Elkarteko bost kideak, absolbituta

Pannagh Elkarteko bost kideak, absolbituta


Esataria: Ez gara aspaldi hitz egindakoak “mezularian” Martin Barriuso Pannagh Elkarteko presidentearekin; hain zuzen ere, martxoaren 10ean hitz egin genuen berarekin, bada, beraien kontrako epaiketa amaitu zen egunean. Eta gaur jakin dugu absolbitu egin dituztela Pannagh Elkarteko bost kideak. Martin Barriuso, arratsalde on dagizula.

Martin Barriuso: Kaixo, arratsalde on.

Esataria: Eta zorionak esan beharko dizut… Pozik, pentsatzen dut, ez?

Martin Barriuso: Bai, mila esker. Bai, pozik.

Esataria: Berriz ere, beste absoluzio bat, Martin.

Martin Barriuso: Bueno, absoluzioa lehenengoa da, eh! Aurrekoetan ez ginen auzitara heldu. Lehenengoa artxibatu egin zen, eta ez ginen auziperatuak izan. Orain lehenengo aldia izan da, eta, beraz, lehenengo absoluzioa. Eta bai, pozik, baina, beno, oraindik zain, ze oraindik helegitea aurkez daiteke eta Auzitegi Gorenera joan gintezke.

Esataria: Oraindik karrera luzea daukazue bai zuek eta baita fiskalak berak ere.

Martin Barriuso: Beno, bai, fiskala tematuta dago. Argi dago agindua eman diotela amore ez emateko eta argudiorik gabe geratzen bada ere aurrera egiteko. Epaiketan ikusi genuen, eta tema horretan jarraituko duelakoan gaude, zoritxarrez.

Esataria: Fiskalak droga-trafikatzaile izatea eta gaizkile-elkartea osatzea ere salatzen zizuen epaiketan zehar, baina epai idatzian esaten du atzeman zitzaizuen, bada, sustantzia oso ondo dagoela justifikatua; elkarbanatzeko zela hain zuzen ere, eta ondo identifikatuta zaudetela Pannagh-eko Elkarteko kideak.

Martin Barriuso: Bai. Hor esaten dena da, gutxi gorabehera, hirurehun pertsona izanda ere, hain talde handia izanda ere, profesionaltasun-maila batekin langileak edukita ere, eta horrelako estruktura formal baten barruan egonda ere, ez garela trafikatzen ari. Hor gakoa da, lehenik eta behin, elkartekoa ez den inor ez dela sartu hor, ez duela ezer jaso, marihuanarik jaso, eta inor ez dela aberastu. Eta, beno, argi geratu da gu elkarte legal bat ginela, gure aktibitateak legearen baitan betetzen zirela, erakunde demokratikoa ginela, gure kontuak garbiak zirela, eta abar. Eta beno, guk espero genuena gertatu da; guretzat ez da ezustekoa izan. Kontua da, bada, horretara heltzeko hiru urte eta erdi itxaron behar izan dugula., eta, oraindik, auskalo zenbat itxaron beharko dugun.

Esataria: Zuen aldetik auzibidean jarraitzeko borondaterik badago edo hementxe utziko zenukete fiskalak erabakiberbera hartzen badu, behintzat?

Martin Barriuso: Guk helegiterik ez aurkeztea nahi genuke, ez. Hau… Amesgaizto hau lehenbailehen bukatzea nahi dugu. Benetan nekatuta gaude, uste dugu ez dugula merezi pairatzen ari garen egoera. Ez ahaztu elkarteak itxita jarraitzen duela hiru urte eta erdi beranduago. Ez dago delitu-arrastorik baina ezin dugu funtzionatu:  gure bazkideak sakabanatuta daude, kontaktua galduta, batzuk hilda inkluso, kasu batzuetan; kontua blokeatuta; guk ere hondasun-bahiketapean jarraitzen dugu… Ezin izan dugu oraindik normaltasunera itzuli, ez? Honek bultzada ematen digu, bada, guk planteatzen genituen puntu inportanteenetan arrazoia eman digute, baina guk kondena sufritzen jarraitzen dugu. Guretzat hau ez da amaitu, zoritxarrez.

Esataria: Eskerrik asko. Segi ondo, Martin.

Martin Barriuso: Mila esker.   

 

Martin Barriusori elkarrizketa

Euskal Irratia: Mezularia irratsaioa (2015-03-31)