Testu-ereduak C1 Mintzamena: Emakume baserritarren argazki-erakusketa Zizurkilen

Argitaratua: asteazkena, 13 uztaila 2016, 9:24
mintzamena c1

Ekintza komunikatiboa: Ekimen baten inguruko solasaldi bizi batean naturaltasun osoz parte hartzea, argibideak bat-batean emanez.

Emakume baserritarren argazki-erakusketa Zizurkilen


Ba, datorren ostegunean erakusketa berezi bat inauguratuko dutelako Gipuzkoako herri horretan, Zizurkilgo emakume baserritarren argazki-erakusketa. XX. mendeko lehen erdiko argazkiak dira gehienak, emakume baserritarrek garaiko gizartean zuten bizitza islatzen dutenak gainera. Erakusketa antolatzen buru-belarri ibili da Leire Zubeldia, Zizurkilgo komunikazio-zinegotzia:

– Egun on, Leire.

– Egun on, bai.

– Bueno. Nondik nora otu zaizue zuei erakusketa hau egitea?

– Tira, ba, aspalditik badauzkagu Zizurkilen bildutako argazki zaharren sorta eder bat, Maialen Azkue herritarrak, Udalak sortutako beka baten bidez, 2006an uste dut bildu zituela baserriz baserri argazki horiek, eta iaz, ba, gure webgunean, udaletxeko webgunean zintzilikatu genituen galeria bat sortuz, baserriz baserri argazkiak sailkatuz, eta ikusgai daude www. zizurkil.eus atarian. Baina herriak emandako argazki horiek, ba, herriari bueltatu behar genizkiola eta bideak erraztu behar genizkiola argi genuen, eta otu zitzaigun azokaren testuinguruan, ba, erakusketa hau zabaltzea.

– Beraz, bertara gerturatzerik ez dutenek Internetez ere ikus ditzakete argazki horiek.

– Hori da, Internetez, ba, hortxe daude, esandako helbide horretan, txukun-txukun alfabetikoki eta baserriz baserri sailkatuak; baina, bueno, badakigu gaur egun oraindik ere, garaiak modernizatu badira ere, denek ez dutela aukerarik Internet bidez argazki horiek ikusteko; esate baterako, protagonistak direnak, argazki horietan agertzen diren emakume baserritar askok, ba, agian ez dute aukerarik, eta horregatik, bideak errazte aldera, antolatu genuen erakusketa.

– Bueno, bost ataletan uste dut banatu duzuela erakusketa hori.

– Bai, hori da. Helburua, erakusketaren helburua XX. mendeko lehen erdialdeko emakume baserritarren bizimoldea edo bizimodua erakustea izanik, ba, emakume baserritarren bizitzan ardatz izan diren bost gai-edo hartu ditugu, eta horren jiran antolatu ditugu argazkiak, ez? Batetik, baserria noski, familia, eskola, erlijioa eta aisia, horiexek izango lirateke ardatz hartu ditugun gaiak; atal bakoitzean hamar, dozena bat argazki daude, eta guztira erakusketan 50 argazki zaharretik gora egongo dira. Bakoitza, ba, bertan, argazki bakoitzean agertzen diren pertsonen izenekin dokumentatua, eta, bueno, ahalik eta era txukunenean.

– Pentsatzen dut xarma berezia denek izango dutela, baina... ba al da bereziki deigarria egin den argazkiren bat? Edo zuri behintzat deigarria egin zaizun argazkiren bat?

– Bueno, zuk esan duzun bezala, ba, xarma denek dute; argazki zaharrak, txuri-beltzeko argazki horiek gustura ikusten ditugu beti, ez? Bat aukeratzekotan, ba, deigarria egiten da argazki bat 1940. urte ingurukoa. Garai gogorrak emakume baserritarrentzat, hala nola euskal gizartearentzat, ba, gerra osteko urte horiek, ezta? Ba, agertzen da argazki batean baserri-atari bat, eta atari horretan dantzan ari dira, trikitixa dantzatzen korro batean agertzen dira hainbat lagun, tartean emakumeak, eta ari dira, ba, Zaldu baserriko amonaren 80. urteurrena ospatzen. Nolako festak-eta egiten zituzten urtebetetze-egun batean, ez? hor ikusten da, ba, emakume baserritarrek zeukaten, ba, jendea euren inguruan biltzeko gaitasuna. Ba, horixe, bat aukeratzekotan, hori aukeratuko genuke horregatik ez? ba, emakumea ardatz duen argazki bat delako eta jai-giroan agertzen zaizkigulako.

– 50 argazkitik gora, guztiak antzeko historia izango dutenak, dudarik gabe. Ostegunean izango da inaugurazioa. Noiz arte egongo da ikusgai?

– Hori da. Erakusketa Zizurkil goian, Pedro Mari Otaño plazan dagoen Iriarte kultur etxean atonduko dugu. Ostegunean, arratsaldeko 7:00etan izango da inaugurazioa, eta zabalik egongo da ostiral eta larunbat arratsaldez, eta igandean, azoka-eguna daukagunez Zizurkilen, egun osoan zehar zabalik izango dugu.

– Oso ondo. Ba, Leire Zubeldia, Zizurkilgo komunikazio-zinegotzia; badaezpada ere, gogoratu egingo dugu berriro zein helbidetan Internet bidez ikusi ditzakegun argazki horiek...

– Bai, www. zizurkil.eu helbidean.

– Oso ondo. Ba, esanda gelditzen da.

 

Leire Zubeldiari elkarrizketa

Euskadi Irratia: Landaberri irratsaioa (2013-10-05)

Comments