Testu-ereduak C1 Idazmena: Bidaia baten kronika

Argitaratua: ostirala, 2016(e)ko maiatzaren 20(e)an, 08:31(e)an
idazmena c1
  • Atala:
  • Jakintza arloa:
  • Trebetasunak:
  • Maila:
  • Curriculum-arloak:
    • Langaiak: Testu-ereduak
  • Bisitak: 435
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Ekintza komunikatiboa: Egunkarian bidaia baten kronika egitea, deskribapen zehatzak eginez eta sentimenduak adierazkortasunez helaraziz. 

Bidaia baten kronika

Urtarrilak 21: Ostiralero bezala, Etxerat-en elkarretaratzea, Albian (Bilbo). Sei eta erdiak dira eta Etxerat-en autobusa ateratzear dago. Oraingoan, Puerto III-raino; 900 km baino gehiago. Egia da, sakabanaketak Espainiako Estatuko geografia osoa ikusteko aukera ematen du: Topas, Ocaña, Sevilla... Geografia azterketa bat egingo bagenu, euskal herritarrok notarik onena aterako genuke. Txoko gehienak iltzatuta dauzkagu bihotz nahiz erraietan.

Autobusean, batzuk ezagunak; beste batzuk, ordea, elkar ezagutzen hasiak. Eguna hotza bada ere, jendearen berotasunak gorputza epeltzen dizu.

Lehenengo geldialdia, afaltzeko. Jaisten lehena izan naizen arren, azkenetarikoa zerbitzuguneko jatetxean sartzen, ez baitakit noren ondoan eseri.

Hala ere, sartu orduko, senide batek azaldu dit zelan doan self-service-a. Hiru dira, gasteiztarrak, eta haiekin afaldu dut. Ondoko mahaikoa, Arbizukoa; atzealdean daudenak, donostiarrak... Egia da, sakabanaketak Euskal Herriko txoko guztietako jendea ezagutzeko abagunea ematen dizu.

Afalostean, lotara.

Urtarrilak 22: Sevillara ailegatu gara, eta lehenengo taldeak utzi egin gaitu. Neure helmuga, Puerto; jo, mutil, lekutan zegok! Loak hartu ezean, ordu asko ditugu hausnartzeko, ondorioztatzeko maite dugunarekin 40 minutuz egoteko honelako bidaia bat egiten badugu zer ez ote genukeen egingo Euskal Herriaren alde, independentziaren alde. Puertora heldu ostean, gosaltzera joan gara, korrika (badakizue, txizalarriari ezin eutsi). Berehala sentitzen zara kuadrillarekin egongo bazina bezala; galdetzen dizute nongoa zaren, nor bisitatuko duzun. Askok, gainera, goraintziak ematen dizkizute. Itzela.

Bisita 17:30ean izango dudanez, eguneko plana egin beharko dut, zortziak aldera heldu bainaiz. Berehala talde bat osatu dugu, eta Jerezera joan gara egun-pasa. Bisita egiteko unea heldu ahala, gero eta artegago nago. Eskema bat egiten saiatzen zara, baina alferrik. Nirekin batera, Inma (donostiarra), Aida (bilbotarra), Arbizun bizi den bilbotarra (izena ez dut gogoratzen)... asko gara, eta badakite — guri begira egoten baitira — pentsatzen zergatik egiten dugun egiten duguna, baina ez dute inoiz ulertuko, gizajoak! Bisitaren ostean, barruan gertatutakoa neuretzako gordeta, autobusera. Halako bisitak ezer esan barik eskertzen dizkizute; aurpegia arimaren ispilua dela esaten dute, eta askotan egia da.

Urtarrilak 23: Lotan etorri naiz, eskerrak! Atarramendu handiko asteburua, Txemak minutu batzuez kartzelatik alde egin baitu.

Gorostizaga, Aitor

Berria egunkaria (2011-02-05)

(Moldatua)