Testu-ereduak C1 Mintzamena: Arbia eta artoa

Argitaratua: osteguna, 29 iraila 2016, 1:40
mintzamena c1

Ekintza komunikatiboa: Irratsaio batean, entzuleen zalantzak argitzeko asmoz, norberaren jakintza-alorreko azalpenak ematea.

Arbia eta artoa


Arbia eta artoa

 

 

Arantxa Artze: Galdetzen digute… baserrian betidanik izan direla arbia eta artoa ganaduentzako. Beno, arbia ganaduentzako, eta, artoa, oiloentzako; baina horiek ea gure giza kontsumorako balioko ote luketen, galdetzen dute.

Jakoba Errekondo: Zalantzarik gabe.Bai, bai, bai.

Arantxa Artze: Maneatu pixka bat, eta barrura.

Jakoba Errekondo: Aber, arbia guk urtetan jan izan dugu. Eta ez hori bakarrik, baizik eta nik esango nuke, seguruena, gure euskal kulturako gastronomian daukagun bitxikeriarik ederrenetako bat dela arbia, eta, oraindik ere, gutxi aprobetxatzen dela. Oraindik, Euskal Herrian, toki batzuetan, arbi-garak jaten dira. Eta arbi-gara da arbia garatzen hasten denean, goratzen, loratzen, tontortzen hasten denean, arbiaren burutik, buruaren gainetik, hosto… negu guztian egon diren hosto handi, zakar horien tartetik, bada, gara fin-fin, eta, beno, esango genuke esparrago baten tankerako txorten bat hazten da — muturrean gero loreak emango dituena —, eta txorten guri-guri hori, bada, beno, da luxu bat.

Eta hori da, bada, guk, garai batean, arbia raka-raka jango genuen. Hostoak, eta buruak ere bai. Eta, beno, arbi-klase asko dira, eta, oraindik ere, batzuk jaten dira. Batzuk modan ere badatoz kanpotik: Daikon arbia, azenario zuria deitzen dena, eta horrelakoak… Baina, hemen, arbia jan dugu… asko.

Eta artoa, zer esanik ez. Artoa etorri zen… guk gure janari izateko Ameriketatik ekarri genuen, eta gero pasa zen aziendaren janaria izatera; patatarekin gertatu zenaren kontrakoa. Ekarri zenean izan zen, lehenengo, lorategietan-eta erakusteko; gero, azienda jaten hasi zen, eta, gero, guk jatera pasatu da. Baina bai, artoa ere bai, eta artoak berak adierazten du, hitzak berak adierazten du oinarrizko janaria dela. “Artoa” hitza grezieratik dator, eta horixe esan nahi du: eguneroko oinarrizko janaria; edo, ogia, itzulpena egingo genukeena.

Horregatik, Ameriketatik, artoa, gaur egun ezagutzen dugun artoa, hau da, Zea mays espeziea ekarri baino lehenago, edo, jaten hasi baino lehenago, artatxikia deitzen duguna jaten genuen — gaztelaniaz “mijo” deitzen dutena, eta, oraindik ere, Afrika erdiaren oinarrizko janaria dena —, eta hari ere artoa deitzen zitzaion; gero artatxiki bihurtu zen, noski, beste buru handi hori ekarri genuenean.

Eee, baina bai, oinarrizko janaria da, eta ez hori bakarrik, baizik eta, atzerago joaten bagara, duela bi-hiru mila urte, menditan, janaria sortzeko soroak-eta egiten hasi zenean jendea, hasi ginenean euskaldunak saroietan, edo olatan, egiten genuen. Eta saroi horiek sortzeko — horiek dira jantoki edo, esango genuke, bazka edo larre-toki borobilak, oraindik ere toki askotan nabarmenak direnak, eta lurraldeari goitik begiratuko bagenio abioi batetik oso-oso garbi ikusiko genituzkeenak; erdi-mugarri bat daukate, eta mugarri horren izena da “artamugarria”. Hau da, familia batek, edo klan batek, edo jende-multzo batek bizitzeko beharko lukeena sortuko lukeen lurralde bati mugarria jartzeko garaian, “artamugarria” deitzen zaio. Hau da, janaria emango diona, bere aziendarekin eta bere landareetatik —…

Orduan, bada… garbi dago, ezta, artoa zer den.

Orduan, jan lasai.  

 

Jakoba Errekondoren azalpena

Euskadi Irratia: Landaberri irratsaioa (2016-03-02)