Testu-ereduak B2 Entzumena: Zer egin krisitik ateratzeko?

Argitaratua: asteazkena, 13 urtarrila 2016, 3:50
entzumena b2

Ekintza komunikatiboa: Komunikabideetan, ohiko gai baten inguruan, elkarrizketa bat ulertzea.

Zer egin krisitik ateratzeko?


Zer egin krisitik ateratzeko?


Irratiko esataria: Aurrekontuak aurkeztu ditu, bai, Eusko Jaurlaritzak, eta Jakiundek “Krisia eta industria. Iraganeko ikasbideak etorkizunaren oinarri” izeneko jardunaldia antolatu du, bihar, Alondegian. Alegia, iraganeko eskarmentutik etorkizunerako zer ikasi dezakegun aztertuko dute bertan. Hizlarien artean zerrenda luzea da, baina batzuk aipatzearren esan dezagun, bada, Jon Azua, lehendakariorde izandakoa, edota Juan Inazio Bidarte, Guggenheim Museoko zuzendaria, Pedro Migel Etxenike, eta baita Mari Jose Aranguren, Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari nagusia, Orkestrako zuzendaria, hortxe izango dela:

Mari Jose, arratsalde on.

Solaskidea: Kaixo, arratsalde on.

Esataria: Zu izango zara bihar hizlarietako bat; nolabait, mezua da lehen ere krisiak ederki kolpatu duela euskal industria, irten dela hortik, eta oraingoan ere irtengo dela, baina iraganeko errezetak ere aplika litezkeela, edo iraganetik zer ikasia ere badagoela.

Solaskidea: Bai, pixka bat biharko erreflesioak hortikan (hortik) joan nahi du; bada, helburua da ikustea aurreko krisietatik… 80. hamarkadan, bada, krisi sakon bat jasan genuen ere bai Euskadin, eta industriaren berregituraketa sakon bat eman zen aldi horretan. 90. hamarkadan beste krisi bat izan genuen, oraingoa baino motzagoa baina, baita ere, industri eta jarduera berriengatik apustu bat egin zen, betiere, genekienetik abiatuta, eta orduan, bada, helburua pixka bat da –abiapuntua desberdina bada ere gaurko egoeran aurreko krisietatik— , bada, ikustea aurreko eraldaketetan zer egin zen ondo, eta hortikan (hortik) zer ikasi daitekeen gaurko krisitik erosoago edo hobeto ateratzeko ere bai, ez?

Esataria: Zer ikasi liteke? Zer errezeta izan liteke gaur egun aplikatzeko modukoa?

Solaskidea: Nik uste… ez dago errezeta bat, ez; iruditzen zait, bada, momentu bakoitzean edo krisi bakoitzak birpentsatzea eskatzen duela, eta eraldaketa, aldaketa bat eskatzen duela; eta horrek, bada, denon aldetik ere bai aldaketa horren aurrean bakoitzak zer egin dezakeen pentsatzea eskatzen du, ez? Bakoitzak dakien horretatik, edo bakoitzak dauzkan gaitasun horietatik (bada, bai industri batean edo lantegi batean lanean aritu, bai gobernu batean politika definitzen aritu, bai jakintzako zentro batean unibertsitate batean edo ikerketa-zentro batean, bada, ikerketatik edo hezkuntzatik lanean aritu…), bada, ikustea zertan aldatu behar dugun jarduera berrietaruntz (berrietarantz) joateko, gauza berriak sortzeko gaitasunak izateko, eta abar, ez? Bada, orduan, aldaketa horren aurrean, bada, pixka bat zer postura eskatzen duen bakoitzarengandik ere bai, eta hor bakoitzak ikustea berak zer aldatu behar duen. Hemen aldatu behar dugunak asko gara, ez dago errezeta bat; bada, batek gauza bat egin eta hemendik aterako gara, ez?

Esataria: Erakundeak ala norbanakoak aldatu behar du? Edota biek?

Solaskidea: Nik uste dut… erakundeak norbanakook osatzen ditugu, ez? Azkenean, edozein erakundetan, bada, pertsona-taldeak gaude, eta erakundeak, normalean, pertsonen aldaketetatik etortzen dira ere bai, ez? Orduan, bada, erakundeak aldatzen dira pertsonen aldaketetatik baita ere.

Esataria: E… Mari Jose, iraganean atera gara krisi egoeretatik. Oraingoan ere bai?

Solaskidea: Bai, horixe baietz, aterako gara. Bai, bai, badaude jada hainbat indizio edo datu ikusarazten digutenak ari garela. Nik uste dut… orain dela bi urte baino hobetoxeago gaude; bakarrikan (bakarrik), bada, luzea dela krisi hau, denok uste genuena baino luzeagoa; eta beno, badago zer egina, hobeto ateratzeko.

Esataria: Bada, mezu honekin geratuko gara: irtengo garela, kostata baino irtengo garela, oraingoan ere. Bihar honi guztiari buruz Alondegian hitz egingo duzue, Jakiundek antolatuta, “Krisia eta industria. Iraganeko ikasbideak etorkizunaren oinarri” izeneko jardunaldian. Jardunaldi irekia izango da; beraz, izango da han ere zer entzuna, eta, batez ere, zer ikasia.

Mari Jose, mila esker gaur gurekin izateagatik.

Mari Jose Arangureni elkarrizketa

Euskadi Irratia: Amarauna irratsaioa (2014/10/28)