Testu-ereduak B2 Idazmena: Telezaborra

Argitaratua: asteartea, 12 uztaila 2016, 11:53
idazmena b2
  • Atala:
  • Jakintza arloa:
  • Trebetasunak:
  • Level:
  • Curriculum-arloak:
    • Langaiak: Testu-ereduak
  • Bisitak: 670
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Ekintza komunikatiboa: Zerbaiten inguruko jarrera edo sentimendua adieraztea, egunkari bateko Zuzendariari gutuna sailean.

Telezaborra


Egunkari honetan bertan, iritzi-artikulu bat irakurri nuen otsailaren 14an, eta ez nago batere ados ematen zen iritziarekin. Nolatan esan daiteke gure telebista Europakoen eredu berekoa dela, eta, ondorioz, kalitate-maila handikoa eta ikusle guztientzako modukoa?

Egungo saio askok ez dute mamirik; aspergarriak dira, eta askotan ikusiak edo aurrez emanak direla dirudi. Ikusle asko nazkatu samar gaude errepikapenekin: duela lau edo bost urteko pilota-partidak, aspaldiko trikitilari-txapelketak, Goenkale bezalako telesail zaharrak... Kirol saioak, batez ere, behin eta berriz errepikatzen dira, urtero-urtero.

Haurren programazioari dagokionez, badago zertaz kexatu: japoniar marrazki bizidunak dira nagusi, eta Euskal Herrian ekoitzitakoak alde batera uzten dira edo zentzurik ez duen ordutegietan jartzen dituzte; Txirritarenak edo Lazkao Txikirenak, esaterako, goizeko 4:00etan! Iruditzen zait gure telebistak hemengo pertsonaiak eta giroa kontuan izan behar dituela. Baita umeen kasuan ere.

Azkenik, txutxu-mutxu saioei buruz ere zerbait komentatu nahiko nuke. Egia da saio horietako batzuek jendea entretenitzeko balio dutela, baina beste askok jendearen intimitatea urratzen dute, besteen bizitzetan sartuz eta horrekin sentsazionalismoa eginez. Hain zaila al da, entretenitzeaz aparte, baloreak kontuan hartzen dituen programazioa egitea?

Uste dut nire iritzi berekoak direla telebista-ikusle asko.

Estanis Murgiondo