Testu-ereduak B2 Mintzamena: Pasadizo lazgarria

Argitaratua: osteguna, 29 iraila 2016, 1:10
mintzamena b2

Ekintza komunikatiboa: Bilobak hala eskatuta, pasadizo bat kontatzea, haren galderei erantzunez eta irakatsia emateko helburuarekin.

Pasadizo lazgarria


Pasadizo lazgarria

 

 

Igone: Aitonaaaa…konta iezadazu gaztetako pasadizoren bat.

Aitona: Nireak jada badakizkizu, Igone.

Igone: Bada… herrian gertatutako zerbait, orduan.

Aitona: Gogoan daukadana triste samarra da. Jeronimo Saroberi gertatua da.

Igone: Hasi, hasi kontatzen!

Aitona: Jeronimo gazte lerden bat zen. Herriko aguazila zen, harroputza, eta akzio txar asko egina. Pentsa, Akerbeltz zuen ezizena.

Igone: Jarraitu, jarraitu. Zer gertatu zitzaion, bada?

Aitona: Eskale bat azaldu zen behin herriko plazara, eta, nahiko edanda zegoenez, hara non ematen dion belarrondoko bat han jolasean zebilen ume bati.

Igone: Baina… harena zen umea? Eskalearena?

Aitona: Ez, ez, gure herriko mutiko bat zen,  Antonioren eta Tomasaren semea.

Igone: Eta?

Aitona: Aguazilak, arlote haren masailekoa ikusi zuenean, egundoko astindua eman zion. Harrezkero, ez zen berriro bere hanken gainean jarri, proportziorik gabeko jipoia eman baitzion  Akerbeltz-ek.

Igone: Eta zerorrek guztia ikusi al zenuen?

Aitona: Bai, nire begien aurrean daukat oraindik. Plazaren erdi-erdian egurtuzuen.  Kontua da, Igone, gertatu zen horrek ondorena ekarrikoziola gero Jeronimori.

Igone: Mendekuren bat, ziur…

Aitona: Halaxe da. Zurrumurruek diotenez, eskaleak bazituen senideak, eta haietako biren artean ordaina eman zioten gure aguazil horri. Aiztokada mordoa emanda akabatu zuten. Erreka-zulo batean agertu zen gorpua. 

Igone: Pasadizo beldurgarria, ezta aitona?

Aitona: Bai horixe! Izugarria da, baina gertatua. Akerbeltz hilda, eta eskalearen senideak kartzelan.

Igone: Eta belarrondokoa hartu zuen mutiko hura bizi al da?

Aitona: Bai, bizi da, baina ez dizut esango nor den. Dena ez da kontatu behar izaten.

Igone: Jo, aitona, esadazu nor den…

Aitona: Ezetz, bada! Pasadizo guztiek daukate beren irakatsia, eta horrekin geratu!