Testu-ereduak B2 Mintzamena: Lan bila

Argitaratua: astelehena, 13 otsaila 2017, 10:42
mintzamena b2

Ekintza komunikatiboa: Langabe batek, telefonoz, lana aurkitzeko asmotan, eskualdeko enplegu-agentzia bati orientabidea eskatzea.

Lan bila

 

 

Enplegatua: Tolosaldea Garatzen (Enplegurako Agentzia), egun on.

Langabea: Egun on.

Enplegatua: Laguntzerik bai?

Langabea:  Unibertsitate-ikasketak amaitu ditut, eta lan bila nabil.

Enplegatua: Ederki. Lizentziatua zara, orduan. Zer ikasketa egin dituzu?

Langabea: Ingeles filologia, baina horrekin zerikusirik ez duen lanen bat ere egingo nuke.

Enplegatua: Aurrena zuk ikasitakotik abiatuko gara, ezta?

Langabea: Bai, jakina. Ahal balitz, ingeles-irakasle aritu nahiko nuke; edo, bestela, ingelesetik testuak itzultzen, euskarara zein gaztelaniara.

Enplegatua: Ongi. Bada… begira, berriki argitaratu dute Bigarren Hezkuntzarako deialdia. Alegia,

2016ko EPEa irakasleentzat.  

Langabea: A bai? Non topatu dezaket horren inguruko informazioa?

Enplegatua: Zerean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian. Horrez gain, ikastetxe pribatuetara ere bidali dezakezu curriculuma. Emango dizut eskualdeko ikastetxeen zerrenda, baina, horretarako, hona etorri beharko duzu.

Langabea: Bada, bai, ze… egia esan, curriculuma egiteko ere aholkuak behar ditut. Eta, itzulpengintza-arloan, zer aukera dauzkat?

Enplegatua: Horretarako, IVAPen helbidea duzu onena. Bertan aurkituko dituzu enplegu publikorako eskaintza guztiak, baita itzultzaileentzat ere. Gainera, lizentziatua izanda, oposizioaldi askotara aurkeztu zaitezke, ez soilik itzultzaile izateko azterketetara. 

Langabea: Ondo. Sartuko naiz helbide horretara, eta eskaintzen orrira harpidetuko naiz.

Enplegatua: EAEko eskaintzez gain, Nafarroakoen berri ere ematen dute.

Langabea: Primeran.

Enplegatua: Dena dela, itzulpen-zerbitzuak ere badaude; pribatuak esan nahi dut. Komeni zaizu curriculumak hara bidaltzea.

Langabea: Bai, jakina. Ondo pentsatuta, bisita bat egingo dizut, gauzak erabakitzen joateko. Hizkuntzak ikasteko aukerez eta prestakuntza-ikastaroez ere hitz egin nahi dut zurekin.

Enplegatua: Guregana etortzea duzu onena. Lana eskaintzen duten bulegoen helbideak bidali daitezke emailez, baina, prestakuntza-programen berri jakiteko, hobe duzu etortzea. Curriculuma osatzen ere lagunduko dizugu. Ez da uste bezain erraza.

Langabea: Ondo da. Noiz joan naiteke? 

Enplegatua: Bada, astelehenetik ostiralera bitartean, nahi duzunean. 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara gaude hemen.

Langabea: Eskerrik asko guztiagatik!

Enplegatua: Ez da ezer. Etortzen zarenean, Josunegatik galdetu.

Langabea: Bale! Mila esker, Josune, eta ikusi arte!