Testu-ereduak B2 Idazmena: Gaztañerre eguna

Argitaratua: asteartea, 12 uztaila 2016, 1:44
idazmena b2
  • Atala:
  • Jakintza arloa:
  • Trebetasunak:
  • Level:
  • Curriculum-arloak:
    • Langaiak: Testu-ereduak
  • Bisitak: 362
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Ekintza komunikatiboa: Aisialdiko foro batean, ohiturei eusteko helburuz, eskualdeko tradizio baten berri ematea.

Gaztañerre eguna


Urteroko eztabaida Eibarko etxe eta kuadrilla askotan: noiz da aurten Gaztañerre Eguna? Izan ere, Gaztañerre Egunak ez dauka egun zehatzik; ez da beti egun berean. Aurten, azaroko hirugarren astelehenean izango da.

Behin azarora hurreratzen hasten garenean, eibartarrok Gaztañerre Egunean pentsatzen hasten gara; tradizio handiko lagunarteko jaia da. Aspaldi-aspaldiko kontua da Gaztañerre Eguna ospatzea Eibarren, Soraluzen eta Ermuan. Lagunarteko afari-merienda eginda ospatzen da. Plater nagusia barraskiloak izaten dira, eta, askotan, berakatz-zopa ere bai. Eta postrea, gaztaina erreak, jakina.

Eta, urtero, matraka berbera: noiz da aurten Gaztañerre? Izan ere, ez dauka egun zehatzik.

Eta orduan hasten gara bateko eta besteko teoriak entzuten. Batzuentzat, azaroko bigarren astelehena da (sarri halaxe izaten da); beste batzuentzat, Domu Santu osteko bigarren astelehena; hirugarren batzuentzat, Domu Santu ondorengo astelehena; eta, azken batzuentzat, hirugarren astelehena...

Baina, ez: Gaztañerre Eguna da Arimen Eguna (azaroak 2) igaro eta, bigarren astelehena. Aurtengoan, azaroko hirugarren astelehena: azaroak 16.

Bai, egia da urtero daukagula eztabaida berbera, baina gure "autoritateek" nahiko ondo lotuta laga ziguten kontua.

Toribiok garbi dakar bere hiztegian: "Segundo lunes (después del día de Animas) del mes de noviembre" (TE, 391). San Martinek ere,  ez dauka zalantzarik, eta gauza bera dio Gogoz liburuan: Iritziak iritzi, Arimen Egunetik bigarren astelehenean ospatzen da.

Geuk ere, horrelaxe jaso genuen Eibarko nagusien artean, Eibarko hiztegi etnografikorako, 222. orrialdean: Arimen Egunaren osteko bigarren astelehenean ospatzen da; gaztaina erreak eta barraskiloak afaltzen dira. Eta, Mikel Larrañagak ere, gauza bera dio bere blogean.

Hartara, aurtengoan, azaroaren 16an elkartuko gara etxeko sukalde eta elkarteetan, familian edo lagunartean, Gaztañerre ospatzera. Eta zalantzaren bat daukanak ospatu dezala azaroko astelehen guztietan!

Sarasua, Asier

Eibar.org/Eibarko peoria (2015/11/03)

(Moldatua)