Testu-ereduak B2 Mintzamena: Erlea Euskal Herrian

Publicado: astelehena, 13 de otsaila de 2017, 11:14
mintzamena b2

Ekintza komunikatiboa: Lehengusu artean, erleek Euskal Herrian izan duten garrantziaz hitz egitea, pasadizo jakin bat kontatuz edo azalpen orokorrak emanez. 

Erlea Euskal Herrian


Erlea Euskal Herrian

 

 

Jaime: Gogoan al duzue aitonak erleei nola hitz egiten zien?

 

Nekane: Gogoratuko ez naiz, bada! Neronek laguntzen nion gehien erlezaintza-kontuetan. Hark beti esan ohi zuen erleari zuka hitza egin behar zaiola, eta ez hika, gainerako etxe-abereei bezala.

 

Zigor: Arrazoi duzue, bai. Arreta handiz egiten zien kasu erleei. Erlea akabatu ez, hil egiten dela entzun izan nion nik. Erlea, nonbait, hil egiten da, eta ez akabatu, ganadua bezala.   

 

Nekane: Hala da! Makina bat aldiz kontatzen zuen horri lotutako pasadizo bat, bere aitona hil zenekoa. Aitona Basilio hil zenean  — geuk ez genuen ezagutu, aspaldi hil baitzen —, berari tokatu omen zitzaion erleei jakinaraztea etxeko jauna hil zela.

 

Zigor: Eta zer du ikustekorik horrek erleekin?

 

Nekane: Bada, erleei hildakoen berri ematen zitzaien, Zigor! Itxura denez, argizari gehiago egin zezaten. Baserrirako ez ezik, argizariak berealdiko garrantzia zeukan elizarako ere.  Kontua da gure aitona hura erlauntza aurrean jarri, tapa jo, eta hala hitz egin ziela erleei: “Abel, Abel, etxeko nagusia hil da!” 

Erlauntza gainean zapi beltza jarri zuenean, ordea, irrist egin eta lurrera bota zuen erlauntza. Urtarrila zen, eta erleei ez zitzaien gehiegi gustatuko istripu hura: Hasi zaizkio ziztaka, eta berak babesik ez. Ez omen zen baserriko atarira nahi orduko iritsi. Beti esaten zuen buruan eta gorputzean iltzatua zeukala egun hura: aitona hil izanaren pena buruan, eta erleen ezten mingarriak gorputzean.

 

Jaime: Harrigarria, bai. Pentsatzen al duzue egungo mutiko bat halako egoera batean? Erleekikoa oso berezia izan da Euskal Herrian, bai. Erlekume basatiren bat topatuz gero, zuhaitz horretan akats edo gurutze bat egin eta beretzat hartzen omen zuen ikusi zuenak.

 

Zigor: Erlekumea beste baten sailetan bazegoen ere bai?   

 

Nekane: Bai, bai. Gauza horiek bazekizkiten gure aitonak eta haren aurreko guztiek. Erlauntzari “erlea” esaten zioten, erleen talde-lan paregabea adierazteko. Guztiek bat balira bezala hartzen dutela elkar, alegia. Gure aurrekoek ”zenbat erle dauzkazu?” galdetzen zuten; oso ohikoa zen.   

 

Jaime: Ikaragarri aldatu dira gauzak denbora gutxian! Gu, ume-garaian, hantxe ibiltzen ginen baserrian erleak zirikatzen. Umeak akzioa egin behar, badakizue. Hala ere, aitonak arrazoi: etxekoari nekez egiten diola eraso erleak, esaten zuen. Eta inoiz burua hazita bueltatu baginen ere, zortzitik zazpian hala izaten zen. 

 

Nekane: Gizakiaren eztena da okerrena. Geu ari gara natura hondatzen, ekosistemak kaltetzen. Erleak asko ari dira nozitzen hori guztia, eta, orain, gainera, Asiako liztorra azaldu zaigu! 

 

Zigor: Argizaria, eliza, baserria… badirudi kontu zaharrez aritu garela, baina erlea eta eztia ezinbestekoak ditugu aurrera begira ere. Ez al zuen Einsteinek esan?: “Erlea desagertzen bada, munduaren akabera izango da”.