Testu-ereduak B2 Entzumena: Anttonen kontsultorioa

Argitaratua: osteguna, 19 maiatza 2016, 12:26
entzumena b2

Ekintza komunikatiboa: Ikasketa-zalantzak argitu asmoz, irratiko esatariek aholku-eran emandako erantzuna ulertzea.

Anttonen kontsultorioa


Esatari neska: Eta, bestetik, bukatzeko. Iñakik ere idatzi digu: “Bigarren Batxilergoan nabil eta, aurten, selektibitatea egin behar dut. Biologia ikastekotan nabil baina nire benetako pasioa Arte Ederrak ikastea da. Gazteegia naiz erabakitzeko. Zer egin behar dut, Antton?

Esatari mutila: Erabaki. Aupa Iñaki. Iñakik, batxilergoan… izango ditu hamazazpi bat urte. Iñaki, entzuten ari bazara, jakizu oso garrantzitsua dela zure barrenak miatzea, eta erabakiak hartzeko garai ona da nerabezaroa. Zure buruak esaten dizun hori entzun, eta, animo, horrekin aurrera. Piercing bat jarri nahi duzula, bada, jarri, gurasoen baimenik-eta eskatzen ibili beharrik gabe; edo, daukazun diru apurrarekin, negozio berri bat hasteko esan dizu lagun batek? Inbertitu, gastatu eta beldurrik ez izan.

Kasu honetan, biologia egin Arte Ederrak gustatzen zaizkiola; hori izango da artista delako, noski. Ez dakit artista zein arlotan, zein esparrutan, zehazki. Igual musika gustatzen zaio, igual pintaketa… Dena delakoa izanda ere…

Esatari mutila II: Igual atzazalak mozten ditu beste inork baino hobeto.

Esatari mutila I: Fenomeno. Sekulako artista da horretan edo luzatu egiten zaizkio beste inori baino azkarrago. Musika gustatzen bazaizu, adibidez. Iñaki, esan duzu. Iñaki, hartu gitarra, eta zoaz, etxetik alde egin, joan kalera, gurasoekin komentatu ahal bada, eta bestela ez. Dena utzi, gitarra hartu, eta zoaz zure ametsak betetzera; esan bezala, nerabezaroa delako horrelako erabakiak hartzeko momenturik aproposena. Baina atzera ez begiratu, inoiz ere ez. Zoaz! Igual, zebra-bideetan eta bai, baina bestela ez.

Esatari mutila II: eta duda baldin badaukazu, sartu GazteBizHitzan-edo.     

Esatari mutila I: Hori da, kontsulta egiteko.    

Esatari mutila II: Animo, eta segi aurrera.  

Esatari mutila I: Aupa, Iñaki. Zu ta zutarrak.

 

Anttonen kontsultoixu.

Euskadi Irratia: Akabobakea irratsaioa (2016-05-02)