Testu-ereduak B1 Mintzamena: Oxfam erakundearen txostena

Argitaratua: asteazkena, 2016(e)ko irailaren 28(e)an, 12:13(e)an
mintzamena b1

Ekintza komunikatiboa: Lagunartean, jarrera adierazteko eta konbentzitzeko asmoz, arazo baten gaineko iritzia ematea.

 

Oxfam erakundearen txostena

 

Oihana: Irakurri duzu Oxfam erakundearen txostena, Eneko?

 

Eneko: Bai, irakurri dut. Munduko aberastasuna oso gaizki banatuta dago.  

 

Oihana: 62 pertsona aberatsenek 3.600 milioi pobrek adina daukate. Ez al da lotsagarria?

 

Eneko: Bada, bai; eta okerrena da handitzen ari dela aldea. Gainera, ez dugu ezer egiten konpontzeko.

 

Oihana: Aizu, badaude moduak mugitzeko eta borrokatzeko. Geldirik bazaude, nahi duzulako da…

 

Eneko: Arraioa! Eta zer egin daiteke, bada? Nik nahikoa daukat nire bizitzarekin: lana, familia…

 

Oihana: Gobernuz Kanpoko Erakundeek lan handia egiten dute. Lagundu dezakezu…

 

Eneko: Horiek adabakiak dira. Estatuek hartu behar dituzte neurriak. Diru asko dago paradisu fiskaletan!

 

Oihana: Ados, baina geuk ere egin dezakegu zerbait.

 

Eneko: Bihotz ona daukazu, Oihana, baina inozente samarra zara.

 

Oihana: Afrikan oso larria da arazoa. Paradisu fiskaletan eskua sartuta, lau milioi haur salbatu daitezke.

 

Eneko: Arrazoia daukazu! Baina munduan azeriek agintzen dute, eta ez dira zu bezain bihotz onekoak.