Testu-ereduak B1 Mintzamena: Jazzaldia 2016

Argitaratua: astelehena, 13 otsaila 2017, 10:01
mintzamena b1

Ekintza komunikatiboa: Lagun baten jakin-mina asetzeko helburuz, ikuskizun bat kontatzea, han ikusitakoak deskribatuz.

Jazzaldia 2016

 

 

Irene: Zer, Eneko, izan zinen azkenean John Németh-en kontzertuan?

Eneko: Bai horixe! Eta ez nago damututa. Soul-aren munduan izar handi bat da, eta garbi ikusi zen Donostian.

Irene: Hain ona, e?

Eneko: Aparta! Ikusi egin behar da aho-soinua nola jotzen duen! Maisua da horretan. Abiada handian jotzen du, arnasarik hartzeko denborarik gabe.  

Irene: Abestu ere berak egingo du, ezta?

Eneko: Bai. Ahots ona dauka, baina niri eszenatokian duen jarrera gustatzen zait gehien. Pausorik eman gabe mugitzen du gorputza, bere kapela eta traje dotoreekin. Grina handiz aritzen da. Kantatzeaz gain, interpretatu ere egiten du.

Irene: Eta, jende asko zegoen begira? 

Eneko: Pila bat! Kursaal-eko terraza leporaino beteta zegoen. Ikusleek izugarri gozatu zuten; txaloak entzuten ziren abestiak hastean eta bukatzean. Németh-ek irribarre egiten zuen, esker ona agertzeko.

Irene: Esker ona nori?

Eneko: Nori izango da, bada! Entzuleei! Gazteak ziren entzule ia denak. Harrituta geratu nintzen.

Irene: Tipo jatorra, beraz.

Eneko: Oso gertukoa eta atsegina, bai. Pentsa, amaieran hitz batzuk esan zituen euskaraz.

Irene: A bai?

Eneko: Bai. “Eskerrik asko Donostia, eta nahi duzuen arte”, esan zuen amerikar azentuarekin. Poltsikoan sartu zituen ikusleak keinu horrekin.